Komun publikoak kultur etxean egokituko ditu Lazkaoko Udalak
Lazkaoko herrigunean komun publikoak jartzeko lanak burutzen ari da udala. Kultur etxearen eremuan kokatuko dituzte, udaletxearen eraikinean bertan. Lehen zeuden lekuaren bidez beste aldean, hain zuzen. .
Bi komun eraikiko dituzte, bat gizonezkoentzat, bestea emakumezkoentzat. Horietako bat ezinduentzat egokitua izango da.
Kultur etxeko erakusketa aretoaren biltegiaren tokia hartu dute komunak jartzeko. Aretorako biltegi txiki bat ere geratuko da, behin obrak bukatzen dituztenean. Orain hormak altxatzen ari dira langileak.
Sarrera udaletxe atzeko kalexkatik izango dute komunek. Erakusketa aretotik ez dute sarbiderik izango, kanpoaldetik bakarrik; hala udal eraikinerako sarbiderik ere ez da geratuko.
Atearentzat zuloa ireki dute dagoeneko horman, udaletxe atzeko etxaurrean. Irteera edo sarrerakoan oinezkoak zirkulaziotik babesteko, segurtasun hesi bat ere kokatuko dute bide ertzean, atearen parean.
Enplegu planeko langileekin
Enplegua sustatzeko aldundiaren eta udalaren artean garatzen ari diren programako langileak ari dira komunen obra burutzen. Berriki kontratatu dituzte bi langile, langabezian zeudenak. Igeltseroak dira, eta haiek egingo dute obra.
Gaur egun kultur etxeko bertako komunak erabili ohi ditu jendeak, zerbitzu publikorako. Behin azpiegitura berria bukatzen denean, kanpoaldekoak erabili beharko dira.
Osasun publikoaren arloan Lazkaoko Udalak beste ekimen bat ere badu esku artean. Txakur kakak uzteko zakarrontzi bereziak kokatuko dituzte, herrian barrena. Udal langileak gaur edo bihar dira jartzen hastekoak.
Guztira 11 ontzi erosi ditu. Postontzi itxura dute, eta altzairuzkoak dira. Txakurren jabeek han utzi beharko dituzte animalien gorotzak, lurretik jasota. Plastiko zorro txikiak ere edukiko ditu zakarrontziak.