Sistema mistoa definitiboa izango dela iragarri du Legazpiko udal gobernuak
Legazpik hondakinen bilketarako sistema mistoarekin jarraituko du aurrerantzean ere. Kepa Urtzelai alkateak jakitera eman duenez, «sistema mistoa definitiboa» izango da hemendik aurrera. Azken lau hilabeteetan lortutako emaitza «onak» izan dira, probako sei hilabeteak pasatu baino lehen, erabakia hartzeko arrazoi nagusia. Izan ere, otsailean «hondakinen %82 gaika sailkatuta» jaso da Legazpin, alkateak emandako datuen arabera.
Gainera, sistema mistoa «ekonomikoki bideragarria izateaz gain, hilean 11.000 euro aurreztea» lortu dutela ere gaineratu du Urtzelaik. Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzuburuak ere datuei erreparatu die. Azaldu duenez, Legazpiko gaikako bilketako %80ko zenbatekoa, «mankomunitatea osatzen duten udalerri guztien artean altuena» da. Zenbateko horretatik azpimarragarriena, «materia organikoa jasotzen den guztiaren herena» dela da, hau da, %22.
Gainera hilean zabortegira eramaten den errefus kopuruak ere «nabarmen» egin du behera, orain hilean «40 tona baino ez dira eramaten, lehengoaren herena», hain zuzen. Errefusaren beherakadari dagokionez, lortutako emaitzak garrantzitsuak direla azpimarratu du Igor Urrate ingurumen zinegotziak. Hala, 2013an legazpiar bakoitzak «urteko 236 kilo errefus» sortzen zituela esan du. Hemendik aurrera eta aurreikuspenak hasitako bidetik jarraituz gero, «herritar bakoitzak urtean sortuko duen errefus kopurua 61 kilokoa izango da», hau da, %75 gutxiago.
Udalak ez du herriaren ahotsa entzuten, herri plataformaren iritziz
Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak ez du begi onez ikusi udal gobernuak sistema mistoarekin jarraitzeko erabakia proba epea amaitu baino lehen hartu izana. Eta prentsa ohar bidez gogoratu duenez, «epea datorren apirilaren 17an» amaitzen da berez.
Plataformaren iritziz, udalak «urduri» dagoelako aurreratu du erabakia. Beste behin, udalak ez duela herriaren nahia aintzat hartzen salatu dute eta, «bost aldiz garestiagoa den arren», atez ateko sistema mantendu nahi izatea leporatu dio. Astearte iluntzean egin zen jarraipen batzordean, «protesta moduan» ez parte hartzeko erabakia hartu zutela ere esan du prentsa oharrean.