Ahoz Aho jaialdiko ikusizun nagusia egingo da bihar Ordizian
Hainbat aste ipuin eta istorioetan barrena bidaiatuz eman ondoren, Ahoz Aho jaialdiaren 2014ko edizioa bere amaierara iristen ari da. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiari bukaera emateko, hitzaren Akelarrea egingo dute bihar gauean. Mundu zabaletik etorri, eta eszenatokian egingo dute topo artista guztiek, bakoitzak eskainiko duen ikuskizunaren zatitxo bat erakusteko festa kolektibo horretan. Ahozkotasunaren jaialdi nagusia egingo dute Ordiziako Barrenan gaueko 22:00etan.
Istorioek eta ipuinek sorginduko gaituztela ziurtatu dute antolatzailee, ez dugula edari magikoen beharrik izango. Horretarako, narrazioaren aztiak gonbidatu dituzte. Kamerungo Boni Ofogo eta Uruguayko Patricia MacGill Lur Korta, Amaia Arriaran, Iban Nikolai eta Arrate Leunda azti kontalari euskaldunekin batera arituko dira.
Arrate Leunda kontalari ordiziarra, narrazioaren mundura itzuli da. Ordiziako Urrup antzerki taldekoekin batera aritzen da; eta noizean behin taularatzen da kontakizunak eskaintzeko.
Kontakizun lehiaketako finala
Ahozkotasunaren jaialdi handian, gaueko sua Ahozko Kontakizunen II. Lehiaketako hiru finalistek piztuko dute. Iñaki Carretero (Gasteiz), Pili Eskisabel (Ataun) eta Ibai Esoain (Orio) dira finalean arituko diren hiruak.