Etorkinentzako informazio eta salaketa zerbitzua jarriko dute Beasainen
Beasaingo Udalak etorkinentzako informazio eta salaketa zerbitzua jarriko du martxan apiriletik aurrera. Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako egunaren atarian (bihar) eman dute prentsaurrekoa Zezilia Herrador Beasaingo Udaleko Migrazio zinegotziak, Stijn Callens SOS Arrazakeriako kideak eta Djeneba Diara Bategite elkarteko kideak.
Callensek azaldu duenez, zerbitzu honen helburuak bi dira: “salaketak jaso, aztertu eta bideratzea eta informazioa ematea, eta baimenak berritzeko laguntza, paper kontuak, erroldatzeak, diru-laguntzak… Administrazioaren aurrean dituzten zalantzak argitzea”. Bera arduratuko da zerbitzu honen kudeaketaz, astearte arratsaldetan, 16:00etatik 19:00etara. Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez daki hitz egiten (euskaraz ere ulertzen du), beraz, etorkinek ez dute berarekin komunikatzeko arazorik izango. Txanda eskatzea “derrigorrezkoa” dela azaldu du, honako zenbakietara deituz: 943 24 56 26 / 943 24 56 27.
Bategite elkarteak eman zion udalari SOS Arrazakeriak eskaintzen duen zerbitzu honen berri, eta udalak zerbitzua bertan ematea “aukera paregabea zela ikusi zuen”, azaldu du Herradorrek. Ordizian inmigrazio teknikari bat badago ere, SOS Arrazakeriak Goierrin duen lehen zerbitzua izango da Beasaingoa. Hernani, Donostia eta Tolosa bezalako herrietan ematen zuten zerbitzu orain arte. Herradorren hitzetan, “etorkin kopurua asko igoo da, eta ez da aparte utzi daitekeen gai bat”.













