
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak azaldu du «euskal jendartearen erdigunearekin konektatzen» ari bada ere, «egiteko asko» dagoela. Horregatik, «jendea aktibatu eta berotzeko», taldeko ordezkari goierritarrek ekitaldiz betetako asteburua antolatu dute.
Ezti arratsaldean banatuko dituzte Gureeskuklip lehiaketako sariak Beasaingo Igartza jauregian. 20 lan aurkeztu dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetatatik: «Goierrin, Seguratik, Beasaindik, Lakaotik, Zaldibiatik, Idiazabaldik eta Legorretatik bidali dituzte. Horrez gain, Zamudiotik, Oñatitik, Azpeititik, Mutrikutik, Lasartetik, Aretxabaletatik…», azaldu du Leire Barandiaran, Beasaingo kideak.
Jaso dituzten lanen inguruan azaldu du «denetik» dagoela. «Lan serioagoak daude, alaiagoak… imajinazio asko dute behintzat». Lan guztiak gureeskudago.net orrialdean ikusi daitezke.
Larunbatean banatuko dituzte bi sariak: bozka gehien jaso dituen bideoak 800 euro eta epaimahaiak aukeratutakoak 500 euro jasoko ditu.
Lehiaketa honen lehen edizioarekin «gustura» daudela azaldu du Barandiaranek. «Ia 700 bozka jaso dituzte bideoek eta Euskal Herri mailan dinamika zabaltzeko balio izan digu», azaldu du beasaindarrak. «Aurkeztu gabe ere asko gelditu direla badakigu, bideoak hiru minutuz azpikoak izan behar zutelako, eta minutu gehiagokoak egin dituztelako batzuk».
Larunbateko Beasaingo festari begira, ekitaldietara gerturatzeko deia egin du beasaindarrak.
Idaizabalen ere egingo dute festa larunbatean, eta igandean 12:00etatik 14:00etara bitartean, ekainaren 8rako antolatu duen Gizakatea osatzen laguntzeko metroak salduko dituzte herri gehienetan. «Oraindik metroa erosi gabe daudenak animatzeko».
Urretxun bilerarik ez
Gure Esku Dagok jakinarazi duenez, gaur Urretxun egitekoak ziren bilera bertan behera geratu da. Datozen egunetan jakinaraziko dute data berria.
EKINTZAK
Idiazabal, etzi
- 17:00. Txistularien kalejira.
- 17:30. Plazan elkarretaratzea.
- 18:00. Gizakatea irudikatuko dute plaza gerturatzen direnen artean.
- 19:00etatik aurrera. Gure Esku Dago dinamikako kideek prestatutako taloak jateko eta sagardoa edateko aukera egongo da, plazan bertan.
Beasain, etzi
- 12:00. Gureskuklip lehiaketaren sari banaketa Igartzan.
- 18:30. Bertso-triki-poteoa Zubimuzutik abiatuta.
- 20:30. Kontzertuak Gernika pasealekuko frontoian: Gose, Guri 5! (gabiriarrak) Sukarra 37 eta Odolaren mintzoa (biak beasaindarrak). Ogitartekoak, edariak, eta materiala salgai.
Mosaikoa egingo dute larunbatean Barrena parkean
Hainbat ekintza antolatu dituzte Ordizian datozen egunetarako Gure Esku Dago egitasmoarekin bat eginez. Hain justu ere, ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katearen atariko gisa, erabakitzeko eskubidearen alde egitea dute helburu.
Astearte iluntzean, herriko gizarte eragile, kultur zein kirol arloko hainbat bizilagunen babesarekin, prentsaurrekoa egin zuten Ordizian antolatu dituzten ekintzen berri emateko. Hala, etzi 12:00etan Barrenako parkean mosaikoa egingo dela iragarri zuten. Era berean, apirilaren 4an Plaza Nagusian egingo den jaialdiaren berri ere eman zuten. Iluntzeko zortzietan hasiko da ekitaldia eta musika emanaldirik, dantzaririk, bertsolaririk, haurrentzako jokorik zein pintxorik ez da falta izango. «Une alaia pasa nahi duzuen guztiok gonbidatuta zaudete», azaldu zuen Nekane Otaegik.
Ekainaren 8ko giza katean izena emateko eta metroa erosteko mahaiak jarriko dituzte larunbatean 19:00etan eta igandean 12:00etan.
«Gai hau garrantzitsuegia da politikarien esku bakarrik uzteko», zioten. Zentzu horretan, protagonista herritarrek izan behar dutela defendatu zuten.