Izagirre anaiak prest daude Ordizian hasiko den Euskal Herriko Itzulirako
Gorka eta Jon Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak izango dira apirilaren 7an Ordiziatik aterako den Euskal Herriko Itzulian parte hartuko duten goierritar bakarrak. Euren lana Alejandro Valverde taldeburuari laguntzea izango da. Igandean Paris-Niza bukatu zuten eta hurrengo lasterketa Lizarrakoa izango dute, Nafarroan. Dagoeneko herri berean bizi ez badira ere, Gorka Ziordian (Nafarroa) bizi da eta Ion Agurainen (Araba), elkarrekin entrenatzen jarraitzen dute.
Euskaltel-Euskadi taldean aritu ondoren, lehen urtea dute Movistarren, eta «oso ondo» moldatu direla diote. «Talde serioa da. Handia, eta lasterketa guztietan aurpegia ematea tokatzen zaigu. Ondo hartu gaituzte», aipatu du Ionek.
Izagirretarrek ederki hasi dute denboraldia. Gorkak 12. egin du Paris-Nizan. Jonek, berriz, 4. egin du Andaluziako Itzulian eta 19. Paris-Nizan.
Andaluzian, itzulia irabazi zuen Alejandro Valverde taldekidearentzat lan egitea tokatu zitzaion. «Valverde bezalako lider batentzat lan egitea oso esker onekoa da. Movistar taldera etorri aurretik ez nuen berarekin tratu handirik, baina tropelean denek ondo hitz egiten dute berataz. Pertsona ona, serioa eta gertukoa da. Bai entrenamenduetan eta bai mahaian, beste bat gehiago da eta hori eskertzekoa da».
Ion Izagirre (Movistar taldeko txirrindularia) Movistar talde serioa da, handia, eta lasterketa guztietan aurpegia ematea tokatzen zaigu»Paris-Niza lasterketa entzutetsura, berriz, taldeburu gisa joan ziren bi ormaiztegiarrak. Lan ona egin dute, baina ez dira erabat gustura etorri. «Gogotsu joan ginen. Izan ere, denboraldiko helburu nagusietako bat zen eta gogo handiz prestatu dugu. Baina biok egun txar bana eduki dugu eta horrek sailkapen nagusitik kanpo utzi gaitu. Taldeko erregularrena Jose Joaquin Rojas izan da eta azken egunetan berarentzat lan egin dugu. Taldeak egin duen lanarekin gustura gaude, baina arlo pertsonalean zapore gazi-gozoa gelditu zaigu», azaldu dute. Izagirretarren hurrengo erronkak Lizarrako lasterketa eta Euskal Herriko Itzulia dira. Lehen etapa Goierrin da eta horrek ilusioa egiten die. «Lehen etapa ondo ezagutzen dugu, baina taldekideekin oso-osorik egiteko asmoa dugu. Ez dakigu oraindik noiz joango garen», dio Ionek. Biek ezagutzen dute Gaintzako igoera gogorra. «Gazte mailan, entrenamendu batean, bide hartatik sartu nintzen. Buelta eman nuen. Oso gogorra iruditu zitzaidan. Beste baserri bide bat! Iaz Olaberrian igo genuena baino gogorragoa da. Zaldibiatik Lazkaomendira doan bidearen antzekoa da, baina luzeagoa», aipatu du Ionek. Gorkak igo zuen. «Amateur mailan igo nuen, entrenamendu batean. Oso aldapa gogorra da. Seguru aski, orain arte igo dudan gogorrena. Izan ere, luzea ere bada. Samuel Sanchezek atzo (asteartean) igo zuen eta berak ere oso gogorra dela esan du». Hala, etxeko itzulian Valverderentzat lan egitea tokatuko zaie. «Oso maila onean dago eta lasterketa guztietan garaipenaren bueltan dabil. Gure lana berari laguntzea izango da». Gorkak Giroa eta Ionek Vuelta Ondoren, Ionek Ardenetako klasikoak egingo ditu: Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Liege-Bastogne-Liege. Gorkak, berriz, Italiako Giroa prestatuko du. Sierra Nevadara joango da, seguru aski. Aurten ez dute Tourrean parte hartuko, baina Ionek Espainiako Itzulian parte hartuko du.