Larunbat honetan hasiko da Gabiriako Udaberri Kulturala
Larunbat honetan hasiko da Gabiriako Udaberri Kulturala, Eguzkitza baserrira egingo duten irteerarekin. Astero ekitaldiak egongo dira, apirilaren 20a bitartean. Bestalde, maiatzaren 4an jubilatuen bazkaria egingo dute.
Hasteko, etzi Eguzkitza baserrira joango dira. 11:00etan, ferratzea nola egiten den erakutsiko diete eta garai bateko sutegia bisitatuko dute. Hurrengo ekitaldia hilaren 29an izango da. Egun horretan, 17:00etan, Jon Magic magoak bere ikuskizuna eskainiko du saloian.
Apirilaren 2an, berriz, sukaldaritza tailerra egongo da. 18:00etatik aurrera, Osinalde elkartean, Lierniko Mujika jatetxeko Arantzazu Zabaletak postre batzuk egiten irakatsiko du.
Aste berean beste hiru ekitaldi egongo dira: 4an Kike Amonarrizek Euskerai buruzko hitzaldie Gabirin? Zer dala ta? hitzaldia emango du, 5ean eskolako ikasleek emanaldia egingo dute eta 6an Gabiriarrak Aztiriara joango dira. Bidean, elementu historikoei eta bitxikeriei buruzko azalpenak emango dizkiete.
Amonarrizen hitzaldiari dagokionez, Gabirian egin zuten euskararen erabileraren kale neurketarekin lotua dago. Tolosarrak gurasoek euskaraz hitz egitearen garrantziaz hitz egingo du.
Hurrengo astean, hiru ekitaldi egongo dira: 9an Felix Zubia medikuak iktusari buruzko hitzaldia emango du, 12an Osinalde sariketako finala jokatuko da eta 13an Ondoko hilobiko tipoa lana antzeztuko dute Aitziber Garmendia zaldibiarrak eta Iker Galartza amezketarrak. Bukatzeko, 20an Aberri Eguna ospatuko dute eta maiatzaren 4an jubilatuen bazkaria egingo dute.