Lazkaoko merkatariek azoka jarriko dute martxoko azken asteburuan
Lazkaoko Lazkaon merkatari elkarteak herriko komertzioen produktuak plazan saltzeko azoka antolatu du. Martxoko azkeneko asteburuan izango da, hilaren 28an eta 29an (ostirala eta larunbata). Elkarteko bazkide diren dendek eta herriko gainerako guztiek parte hartu ahalko dute, iazko estreinako aldian bezalaxe.
Hain zuzen, Lazkaoneko kide ez diren dendariei dei berezia egin diete, azokan postua jar dezaten gonbidapena zabalduta. «Lazkaon lan egiten duzuen merkatari guztien produktuen eskaintza zabala aurkeztu nahi dugu. Herriko jendeari bereziki, eta kanpotik etorritakoei, Goierrin merkataritza eskaintza zabala eta erakargarria dagoela erakutsi nahi dugu», azaldu du Lazkaon elkarteak.
Bazkideek ez dute dirurik jarri beharko; elkartekoak ez direnek 70 euro ordaindu beharko dute azokan egoteagatik. Aurrez baieztatu beharra dago.
Horrez gain, stock-ean eta biltegietan dituzten salgaiei irteera emateko «aukera paregabea» dela gaineratu dute. Salgairik ez duten negozioek beren zerbitzuak aurkeztu ahalko dituzte.
Ostiralean eta larunbatean
Lazkaoko merkatarien azoka martxoaren 28an zabalduko dute, ostiralarekin. Arratsaldean bakarrik egongo da egun horretan, 16:30etik 20:00etara. Biharamunean, bigarren jardunaldian, goizean egongo dira postuak zabalik, 10:30etik 13:30era.
Plazako pilotalekuan atonduko dute ferialekua. Postuak osatzeko mahaiak eta aulkiak antolakuntzak eramango ditu; norberak ere eraman ahalko ditu egokienak zaizkion gauzak.
Feria alaitzeko animazioa, eta haurrentzat tailerrak eta puzgarriak jarriko dituzte.