Roman Elosegik eta Lopategik idi asputua jokatuko dute etzi Aian
Roman Elosegi itzain zaldibiarrak bigarren apustu ofiziala jokatuko du, etzi, Aiako probalekuan (Gipuzkoa). Iñaki Lopategi bizkaitarraren uztarriari aurre egingo dio Elosegiren idi pareak. Gaur egun, idi demetan indartsuenetakoa den aurkaria izango du zaldibiarrak. Lopategik Aiako mantak irabazi ditu orain gutxi.
Faboritotasun hori berdintzeko, Elosegik bi minutuko abantaila edukiko du. 30 minutuz tira egingo dute bere idiek, eta Lopategirenek 28 minutuz bakarrik. Urgain harriari 200 kiloko gainzama erantsita erabiliko dituzte pareak, nork plaza gehiago egin. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du saioa.
Apustuan 6.000 euro daude jokoan. Elosegirentzat itzain lanetan Iñaki Urrutia eta Inaxio Telleria ariko dira; beste aldean, Iñaki Lopetegi eta Lopene.
Aiako probalekuan larunbatean 10:00etan pisatuko dituzte idiak, eta estalpera sartuko dituzte, ferratokian hankak garbituta. Dema 22:00etan hasiko da, etzi.