San Jose egunez, neguko azken feria
Neguko azken azoka eguna izan zen atzokoa, eta egunak berak ere eman zuen zer esana, batez ere adinean aurrera doazenen artean: «San Jose egun handia izaten zen lehen, Nafarroan jai dela bai, baina hemen ez da ezeren arrastorik, ezta arkume kontuetan ere». Hitzetik hortzera zebilen kontua, izan ere, atzo arkume kiloa 3 euroan saldu zen berriz, bai Ordizian bertan, eta baita etxez etxeko bilketan ere (BEZa gehituta).
Udaberri giroarekin batera, landare postuetakoak ere hasi dira azken aste hauetan baino lan gehixeago izaten. Garaiak hala aginduta, oraindik ere zuhurtasun aholkuak ematearekin batera, eskaintza handitzen ari dira. Hala nola, lehen tomate, leka, pipermin landareak ikusi ditugu, baina negutegi barnean edota oso toki babesean izan ezean, orain kanporako landatzea arriskua hartzea da. Are gehiago asteburura begira eguraldi hotzaren iragarpenei kasu eginez gero.
Lore postuak oparo
Lore saltzaileak prest dira urteko garai emankorrenerako, udaberri atarian, udaberri-udarako pronto! Atzo mahaiz mahai eskaintza dotorea zuten: estimazio handiena dutenak geranioa eta huntza (2,10 euroan bakoitza); azken urteetan berriz ere indarra hartzen ari den krabelinak (1,5-2,5); baita petunia (1), dimorfoteka (4), antirrinium (3) edota dalia ere (3,5 euroan).
Lehen tulipanez egindako sortak ere ikusi genituen Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan, seiko sorta 4 euroan salgai.
Oilanda arrautzak
Mutiloako Aitiberkoek garai honetan urtero egin ohi duten gisan, oilanden arrautzak salgai jarri zituzten, «garai hau da berez oiloek gehien erruten dutena, eta arrautza txikia (1,10-1,30 euroan dozena) ere orain saltzen da gehien bat, udan handirako joera hartu ohi du bezeroak»; zergatia erabat garbi ez badu ere, hala egiazta dezakeela zioen Jexux Mari Muñoak.
Udaberriko ziza ere ari da poliki-poliki ugaritzen; 3 kilo ikusi genituen atzo (kiloa 150 euroan) Lasarenean; kanpoko lehen ziza horiak ere bai, onddoekin batera.
- Aste honetako prezioak