Aitor Irastortza zaldibiarrak Osinalde sarirako txartela lortu du Ordizian
Larunbatean jokatu zen Ordizian 43. Osinalde sariketako bigarren kanporaketa Argi Berri elkartean. Epaileen puntuaketaren arabera, Aitor Irastortza eta Aitor Salegi izango dira apirilaren 12an Gabirian jokatuko den finalean. Entzuleen iritziak ere izan zuen tarterik eta XVII. Argi Berri saria Aitor Irastortza zaldibiarrarentzat izan zen.
Sei bertsolari aritu ziren lanean: Jokin Bergara (Eibar), Imanol Uria (Algorta), Aitzol Iturbe (Antzuola), Ortzi Murua (Azkaine), Aitor Irastortza (Zaldibia) eta Aitor Salegi (Zestoa). Igor Eguren gai jartzailearen esanetara jardun zuten gazteek eta koplak kantatzeko berriz, Ander Matxain eta Ainhoa Intxausti trikitilarien laguntza izan zuten.
Argi Berri elkartean 60 lagun inguru izan ziren afaltzen, baina bertso saioa entzutera etorritako jendea gehituta, bete egin zen elkartea. Adin guztietako jendea elkartu zen; aurreko kanporaketan parte hartutako bertsolariak, aurreko urteetan Osinalde sariketan parte hartutakoak, bertsolari beteranoak… Hainbat belaunaldietako bertsolariek eta bertsozaleen bilgune izan zen Argi Berri larunbatean.