Aramako kale argiak aldatuko dituzte aurten./Aimar Maiz
Aramako Udalak iaz baino %2,83 haziagoa edukiko du aurten udal aurrekontua. Martxoaren 4ko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak aurrekontu-proiektu txostena. Guztira 487.500 eurokoa izango da, 2013an baino 107.700 euro gehiagorekin.
Ohiko gastuak eta kontsumoak estaltzeko erabiliko du, ohi bezala, diruaren zati handiena. Horrez gain, berrikuntza edo inbertsio batzuk egiteko ere bereizi ditu udalak diru sail batzuk. Horietan kopuru handienekoa kale argiteria publikoa hobetzeko izango da, 100.027 euro.
Led bidezko kale-argiak kokatu nahi ditu Aramako Udalak, kalean. Energia kontsumo txikiagoa duen teknologia ipiniko dute, Gabirian duela bizpahiru urte jartzen hasi zirenaren berdina. %85eko aurrezpen energetikoa lortzea aurreikusi du.
Argiteria aldatzeko lanak 82.000 euro kostatuko dira, gehi %21eko BEZa. Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak 28.000 euroko laguntza emango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 18.000 eurokoa. Aurtengo inbertsio nagusia izango da kale argiteria hobetzea.
Saneamendu sarea zabaltzen jarraitu
Lehendik hasita dituen azpiegitura hobekuntzekin ere jarraituko du Aramako Udalak 2014an. Ur zikinen saneamendu sarea osatzea da bat. Urte honetarako eginahala Etxeberri eta Eguzkilore etxeak herriko hodi nagusiarekin lotzeko lanak egitea izango da. 30.000 euro jarri ditu horrako.
Herri bideak konpontzeko planari ere segimena emango dio, 20.000 euro izendatuta. Beste horrenbeste bideratu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko zereginera. Hasierako onespena emanda dauka udalak.
Erosketa edo lan txikiagoen artean, Iriarte eraikin publiko berrian gimnasioa egokitzeko 2.935 euroko saila bereizi du, edo quad erako ibilgailua eta elurra kentzeko pala erosteko 5.300 euro.
Udal eraikin berria iaz inauguratu ondoren, hornidura eta berrantolaketa lanek jarraituko dute 2014an ere. Aramako artxiboa egokitzeko, adibidez, 4.000 euroko diru sail bat txertatu dute udal aurrekontuan.
Kulturaren arloan, nola San Martin jaiak antolatzeko, hala urtean zeharreko kultur jarduerak burutu ahal izateko, denera 22.500 euro jarri ditu. Jubilatuei zuzendutako txango edo ospakizunetarako, berriz, 2.000 euro.
Elkartasunezko proiektuetarako 0,7ko ekarpena egiten jarraituko du udalak, beste alde batetik, 1.500 euroko diru sail batekin.