Harkaitz Cano idazleak eta Beñat Barandiaran musikariak errezitaldia egingo dute gaur Lazkaon
Motorrean bi lagunek bidaiatzeko sidekar gailuaren kontzeptua islatuko dute, gaur, Harkaitz Cano idazle lasartearrak eta Beñat Barandiaran musikari billabonarrak, Lazkaon. Sidekar Arima musika eta poesia errezitaldia egingo dute, 19:00etan, Gerriko elkartean, Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astearen barruan. Irakurritakoak iradokitzen duena joko du gitarristak, eta musikak ekarritako oldozpenak ondoen egokitzen zaizkion testuak irakurriko ditu idazleak.
Egitarau berean, zirko musikala ere ikusi ahalko da, gaur. Badator Zirko Musikalak zirkoaren lilura eta musikaren mundua uztartuko ditu. Bi emanaldi izango dira. 14:30ean San Benito ikastolako haurrentzat egingo dute berezia. Herritar orok 17:00etan ikusi ahalko du zirkoa. Areria antzokian dira emankizunak.