Hondakinak biltzeko edukiontziak banatzen ari dira Ormaiztegin
Martxoaren 31n jarriko da martxan Ormaiztegiko hondakinak biltzeko sistema berria, eta aste honetan, herritarrei edukiontziak banatzen ari dira. Ostiralera bitartean jaso ahalko dira, udaletxeko beheko aretoan. Hilaren azken egunetik aurrera “hondakin guztiak sailkatuta” bota beharko direla gogorarazi du udalak, eta “denon inplikazioarekin, sistemak ondo” funtzionatuko duela.
Udaletxera joaten direnean, herritarrek errefusa bereizteko kubo grisa, organikoa bereizteko kubo marroia, poltsa konpostagarriak eta giltza jasoko dituzte, hondakinak sailkatzeko gida batekin batera. Konposta egiteko izena eman dutenek, berriz, kubo grisa bakarrik jaso beharko dute. Konposta egitea hautatzen dutenek, deskontua izango dute 2015eko zaborren erreziboan.
Oraindik izena eman gabe dauden eta konposta egiteko interesa duten herritarrentzat, ikastaro berezi bat antolatu dute; ostegun honetan izango da, 18:30ean, kultur etxean.
Kuboak jasotzeko ordutegia:
- Asteazkena: Goizez (9:00-13:00) eta arratsaldez (16:00-19:00).
- Osteguna: Goizez (9:00-13:00) eta arratsaldez (16:00-19:00).
- Ostirala: Goizez (9:00-13:00).