Txakurren pixa biltzeko sistema berria jarri du Ordiziako Udalak herriko lau gunetan
Ordiziako kaleetan txakurren pixa eta gorotzekin dagoen arazoa konpondu asmoz, egitura berriak jarri ditu Ordiziako Udalak hainbat gunetan proba modura. Txakurren pixek hormetan eta hiri altzarietan sortzen dituen zikinguneak eta usain txarrak sahiesteko balioko dute Urban Dog Nature izeneko egiturek. Jabeei, beraz, dei egin diete txakurrak egitura horietara eraman ditzaten pixa egitera. Txakurren behar fisiologikoak asetzeaz gain, herriko parke eta lorategiak ongarritzeko konposta hobetzeko balioko du. Ordizian, gero eta gehiago dira txakurrak dituzten bizilagunak; gaur egun 990 txakur daude herrian.
Atzo eman zuen egitasmoaren berri Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak. Urban Dog Nature altzairu herdoilgaitzez eginiko egitura da, erresistentzia handikoa eta iraupen luzekoa. Metro koadro bateko oinarri bat du, eta haren barrenean kimaketa-hondarrak sartzen dira. Noizean behin udal langileek txakur-pixarekin nahastutako hondar horiek konpostagailura eraman beharko dituzte, gerora lorategietarako ongarri modura erabiltzeko. Gorotzak jasotzeko ontzi bat ere badu egiturak. Gainera, Ordiziako klima kontuan izanik, estalki bat jarri zaie teilatu modura euri-urarengatik babesteko.
Asenjok Behe Nafarroa kalearen eta Bizkaia pasealekuaren bidegurutzean kokatutako aparailuaren ondoan eman zituen azalpenak; hala ere beste hiru egitura ere jarri dituzte Samperio eta Arramendi kaleen arteko bidegurutzean, Joseba Rezola pasealekuan CAFerako pasarelaren ondoan eta Buztuntza plazan.
Nicolas Jardi kataluniarra da Urban Dog Nature sistemaren sortzailea. Sistema patentatu eta Lleidako (Katalunia) Municipalia azokan aurkeztu zuen. Kataluniako sei herritan jarri zituzten lehen aldiz pixa biltzeko egitura hauek 2013ko abenduan proba modura. Asenjok atzo aurreratu zuenez Ordizia izango da sistema hau jarri duen Euskal Herriko lehen herria. “Katalunian harrera ona izan dute, eta hemen ere hala izatea espero dugu. Txakurrak egitura honen ingurura eramateko deia egiten diegu txakur-jabeei, herritar guztion ardura baita Ordizia txukun eta iraunkorrago baten alde egitea”, esan zuen.