Urretxuko alde zaharra biziberritzeko plana martxan jarri berri du udalak
Urretxuko alde zaharra biziberritzeko asmoz sortu da berriki Merkataritza eta Ostalaritza Mahaia herrian. Ekimena auzoko merkatariek eta ostalariek jarri dute martxan, azken urteetan alde zaharrak izan duen gainbeherak larrituta. Oihane Zabaleta alkateak esan duenez, merkatarien kexa bat jaso zuten «udaletxeko sarrera nagusia Iparragirre kaletik kendu denetik, egoerak okerrera» egin duela salatuz.

Hori izan zen abiapuntua, eta ordutik hainbat bilera egin ditu udalak auzoko merkatariekin eta ostalariekin. Bigarren fase batean, «bizilagunekin biltzea» ere aurreikusi du alkateak. Aipatu duenez, lehendabiziko lana auzoaren diagnostiko bat egitea izan da, egoeraren benetako argazki bat ateratzeko.
Bertakoak kezkatuta
Diagnostiko horretatik hainbat ondorio atera dituzte. Alde zaharretik «trafikoa desbideratzeko beharra» ikusi dute, Iparragirre plazan «ez da urtean zehar ekintzarik egiten», zamalanak egiteko «zailtasunak» daude, kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta ondorioz «saltoki handietan erosteko joera handiagotu» egin da, Urretxu asko hazi da azken urteetan, «baina zentrotik urruti», auzoaren itxura degradatuta dago «lokal asko hutsik daude eta zikinak», auzoak orokorrean «argitasun gutxi dauka»…
Hori horrela udalak auzoaren itxura eta irudia aldatzeko zenbait konpromiso hartu ditu bere gain. Alkateak aurreratu duenez, «argiteria aldatzen hasita gaude, eta langabezian dauden bi pertsona kontratatu ditugu arkupeen itxura txukuntzeko». Hutsik dauden lokalen jabeekin ere harremanetan jarriko da udala «txukundu ditzaten eskatzeko».
Iparragirre plazari berezko izaera emateko hainbat ekintza ere pentsatuta dituzte jada. Ostegunetako azokaren osagarri «artisau produktuak saltzeko azoka» antolatu nahi dute bertan apiriletik aurrera. Gainera, dantza saio irekiak ere eskainiko dituzte bertan «herriko taldeekin elkarlanean». Apirilaren 27an Jose Mari Orbegozoren taldea egingo du saioa.
Asteburuetan auzoa oinezko bihurtzeko dauden aukerak ere aztertzen ari da udala, baita Iparragirre kaleko udaletxeko sarrera berriz irekitzekoa ere.
The post Urretxuko alde zaharra biziberritzeko plana martxan jarri berri du udalak appeared first on Otamotz.