Vilariño Motorsport eskuderiak Olaberrian aurkeztu du denboraldia, helburua Nascarrean jarrita
Ander, Angela eta Andres Vilariño gidariek 2014an zer lehiaketa jokatuko dituzten gaur eguerdian aurreratu dute, Olaberriko zirkuituan. Ander Vilariñok Europako Nascar lehiaketa hirugarren aldiz irabaztea jarri du helburua. Angela eta Andres aita-alabak Espainiako Mendiko Igoera Txapelketan jardungo dira.
Europako Nascarrak hamabi proba izango ditu, sei zirkuitutan jardunaldi bikoitzetan. Valentzian (Herrialde Katalanak) hasiko da, apirilaren 12-13an. Brands Hatch (Ingalaterra, ekainak 7-8), Tours Speedway (Franzia, uztailak 5-6), Nurburgring (Alemania, uztailak 19-20), Magione (Italia, irailak 20-21) eta Le Mans (Franzia, urriak 11-12) zirkuituetan defendituko du titulua Ander Vilariñok. Nagaroko TFT talde teknikoarekin jarraituko du.
Europako Nascarrean aritzeaz gain, iaz bezala aurten ere AEBetako jatorrizko Nascarreko lasterketa batean parte hartzeko aukera izango du. New York estatuko Watkins Glen zirkuituan ariko da, abuztuaren 8an.
Aurkezpen ekitaldian izan da Nazioarteko Automobilismo Federazioko (FIA) lehenengo lehendakariorde Carlos Garcia. Ander Vilariño Europako Nascarrean “historia egiten” ari dela ziurtatu du. Lehiaketa hori 2009an sortu zuten, eta jokatutako bost ekitaldietan bi garaipen lortu dituen bakarra da Vilariño.