Gure Esku Dago bihar hasiko da ekaineko giza katea girotzen
Gure Esku Dagok bihar aurkeztuko du ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo den giza-katea. Bilboko La Casilla pabiloian jaialdia antolatu du, eta, besteak beste, orduan jakinaraziko dute zenbat lagunek babestu duten erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena. Herritarrentzat zuzendutako ekitaldia da biharkoa ere, ikuskizun batzuekin osatua. 17:30ean hasiko da. Aurrez, bilbotarrek giza katea antolatu dute Arte Ederretako Museotik La Casillarainoko, 16:30ean, eta bertan parte hartzera ere animatu dute.
Ekainaren 8ko giza-katea jende aurrean aurkeztu, hainbat xehetasun eman eta agerraldi jendetsu hori —50.000 pertsona elkartu nahi dituzte, eskuz esku, 123 kilometroan zehar— girotzea izango da egiteko bat. «Ez da lan erraza eskuartean duguna: sentsibilitate politiko eta sozial ezberdinetako herritarrak elkarlanean jartzea, eskubide demokratikoa eta unibertsala den erabakitze eskubidearen aldarrikapena eta egikaritzearen bidean», azaldu zuen Gure Esku Dagoko Naroa Iturrik asteleheneko prentsaurrekoan.
Dagoeneko «milaka herritarrek» bete dute izen-emate txartela, ekainaren 8an 12:00etatik 12:30era izendatutako tokian egoteko konpromisoa hartuz. Katearekin bat egin, eta ondokoak animatzeko deia zabaldu dute.
«Ekainaren 8ko giza katea ez da inolaz ere kanpaina jakin baten amaiera, baizik eta erabakitzeko eskubidearen egikaritzearen bidean, jauzi berriak ahalbidetuko dituen abiapuntu sendoa. Hiriburu, auzo zein herrietan eratzen ari diren auzolanak bere jarraipena izango du ekainaren 8tik aurrera ere. Beraz, jauzi eta erronka berriak ahalbidetzeko norabidean, ezinbestekoa dugu giza katea jendetsua, parte-hartzailea eta erraldoia izatea», azaldu du Iturrik.
Herriz herri, autodeterminazioaren gaiaren inguruan hedatzen ari den «konplizitatea, elkarlana, ilusioa eta indarra» nabarmendu dute bultzatzaileek. «Zerbait garrantzitsua, sakona eta sentitua egiten ari garen sentipena milaka lagunen artean partekatu nahi dugu».
Lazkaotarrak dantzan
Bilboko ekitaldian Oin-Arin dantza taldeko dantzariek koreografia egingo dute, Gure Esku Dagok sortu duen Gureeskuklip lehiaketan aukeratua izan delako. Lazkaoko dantza taldeko irakasleek dinamikarekin bat egiten duten atxikimendua adierazi dute, eta bideoklip bat atondu, sintoniaren doinura.
Areria antzokian grabatu zuten dantza-koreografia, Lazkaon aurkezpena egin zen egunean. Bihar, La Casillan, ikuskari hori egiteko gonbidatu dituzte antolatzaileek. Goierrin bideo gehiago ondu dituzte, deialdi bererako. Zaldibiako herritarrek, Lazkaoko bertso eskolak eta Idiazabalgo gaztetxeak, esate baterako, aurkeztu dute lan bana. Webean daude ikusgai (gureeskudago.net).
Goierritik Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte.