Ikurrinaren alde juntadizoa egingo dute herritarrek bihar Legorretan
Legorretako Udala ere udaletxean Espainiako bandera jartzera behartu du Euskadiko Auzitegi Nagusiak. “Egun gutxi barru” kokatu beharko dute bandera hori balkoian. Sinbolo “arrotza bezain mingarria” dela adierazi du udalak, baina Espainiako Gobernuaren erkidegoko ordezkaritzaren agindua bete beharko duela gaineratu du, 39/1981 legeak dioenez.
Horren aurrean, “gurea ikurrina” dela adierazteko, biharko (larunbata) plazan elkartzeko deia egin die udalak legorretarrei. Argazki herrikoia aterako dute, “legorretarron ikurra zein den adierazteko”. 13:00etan elkartuko dira, plazan.
Era berean, herritarrei etxeko balkoian ikurrina zabaltzeko ere eskatu die.