Loretik fruitura, Iparra Hegoa
Datorren astean bete-betean sartuko dira Iparra-Hegoa aste kulturalean. Euskal herrien ohituren, kulturen eta hizkuntzen topaleku bilakatuko da Segura astebetez. Iparra eta hegoa bereizten dituen mugak gainditu eta euskaldunak gerturatzeko sortutako egitasmoa da Iparra-Hegoarena. Euskaldunon arteko harremanak naturaltasunez sortzea eta irautea da sustatzaileen nahia.
Azken asteetan hainbat ekintza egin badituzte ere, datorren astelehenean hasi eta igandera bitarte egingo dute aste kulturala. Erakusketa, hitzaldi, bertso afari, azoka, ibilaldi zein musika emanaldirik ez da faltako. Asteburuan borobilduko dute astea; Hur Gorostiaga izango dute gonbidatu berezi, esate baterako, igandeko ekitaldi nagusian.
Gerraren mendeurrenean
Gerrak amildegi eta zubi gai hartuta Lehen Mundu Gerraren mendeurrena aprobetxatuko dute gertaera hark Euskal Herrian, iparraldeko herrialdeetan bereziki, ekarri zuen pentsaera aldaketa sakonetik aztertzeko. Atzerago jo eta karlistadak, Frantziako Iraultza zein, berriago, 36ko gerra ere hizpide hartuko dituzte. Bidasoaren alde banatako euskaldunek hainbat gatazka direla-medio iparrera edo hegora jo behar izan dute babes bila.
Aurtengoa egitasmoaren hemeretzigarren edizioa izango da. Erraz esaten den arren, istorio, pertsona eta lan asko du atzean egitasmoak. Azken hemezortzi urteetako irudiak eta lekukoen testigantzak jasotzen dituen dokumentala ere osatu dute aurten: Iparra Hegoa: errotuz zabaldu.
«Iaz gereziondoko ekitaldian esan zuten ia heldutasunera iritsi ginela hemezortzi urte eginda, bat batean ohartu nintzen zenbat urte pasa diren!». Hala dio Lierni Elortzak. Azkainen bizi den arren, segurarra da bera eta, hasieratik, Iparra Hegoaren zutoinetako bat izan da.
Harrotasunez, nostalgiaz eta emozio puntuarekin egin dio Iparra-Hegoaren historiari errepasoa Xabier Albizurekin batera. Beste zutoinetako bat da Albizu.
Musikatik eta hizkuntzatik
Kantuaren inguruan sortu zen egitasmorako ideia. Segurar talde bat lapurtar batzuekin elkartu, Beñat Elizondo tartean, harremana egin eta ideia garatzen joan ziren hilabete batzuren bueltan lehen Iparra Hegoa iritsi zen arte. Urteen joanean, asteburu bateko jaia izatetik, aste osokoa izatera pasa zen; gaur egun ia hilabete osoan egiten dituzte ekitaldiak.
«Iparraldekoek eta hegoaldekoek elkar ezagutu eta harremanak estutzea da nahi genuena», dio Albizuk. Hala ere, ipar Euskal Herrian ere errealitate, ohitura eta ondareak ugari direla kontuan hartuz, urtero, herrialde bat gonbidatzeari ekin zioten. «Eta hegoaldekook gure artean ezagutzen ote garen galdetu genion gure buruari, beraz Nafarroa, Araba eta Bizkaia ekarri genituen Segurara; baita diaspora ere», dio Elortzak. Euskal herrien arteko harremanak sendotzeko egitekoan pausoak eman dituzte, baita harreman horiek berezko izan daitezen hazia erein ere. Elortzak «amets egiterik ez dagoela» dioen arren, iparraldea eta hegoaldea gertuago daude orain egitasmo honi esker. Iparra Hegoa izena bera zalantzan jartzeraino, «azken finean inposatu diguten muga horri berari egiten dio erreferentzia izenak, agian zerbait pentsatu beharrean egongo gara», dio Albizuk.
Elortzak argi duena da bateko eta besteko euskaldunak elkartzen dituena euskara bera dela: «Euskaraz egiten dutenen kasuan harremanak estuagoak izan dira; euskarak garrantzia hartu du, hizkuntzak batzen gaitu».
Gerora begira
Lantalde handia du atzean Iparra Hegoak; aste kulturalaz gain urtean zehar hamaika izaten baitira egitekoak. «Dagoeneko lanak banatu beharrik gabe bakoitzak badaki zeri heldu behar dion», dio Elortzak. Hala ere, gazteak ere gero eta protagonismo gehiago hartzen ari dira antolaketa lanetan. Albizuk dioenez «Seguran hau umeetatik bizi izan duten gazte askok, euren zerbait bezala sentitzen dute orain. Gutako inor ez da beharrezko eta erreleboa ziurtatua dago».
Iparra-Hegoaren inguruan sortutako mugimendutik etorri dira Goierriko eta Lapurdiko ikastolen elkartasun ekitaldiak, baita Euskal Herriko Mus Txapelketa bera ere. Azken asteetan musa aitzakia hartuta ehunka lagun ibili dira batera eta bestera. Albizuren arabera «izugarria» zen Heletako argazkia: «Ikurrina erraldoi bat plazan, euskal herrialdeetako ikurrak, jende pila bat eta ekitaldi guztia euskaraz».
Gereziondoari itxaropenez begiratzen diote Lierni Elortzak eta Xabier Albizuk Iparra Hegoaren egunetarako loretuko ote den. Ziurra dena da, egitasmoa fruituak ematen ari dela dagoeneko.
- Egitarau osoa hemen