«Specialized taldeak izena du eta atzerriko taldeak guri begira egongo dira»
Pello Olaberriak (Mutiloa, 1994) profesional mailara pasatzeko bere esku dagoen guztia egitea erabaki du, eta aurten txirrindularitzan buru-belarri arituko da.
Nolatan hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Familian txirrindulariak ditut. Leire Olaberria eta mendiko bizikletan bikain ibili zen Andoni Olaberria lehengusuak ditut. Baina Ikaztegietakoak dira eta ni Mutiloan zaletu nintzen. Jon Ander Intsaustiren lagun mina naiz eta umetan bere lehengusuen, Izagirre anaien, lasterketa guztiak ikustera joaten ginen.
Aholkurik ematen al dizute?
Guri laguntzen saiatzen dira eta aholkuak ematen dizkigute, nahiz eta orain biak Goierritik kanpo bizi diren. Noizean behin elkarrekin entrenatzen dugu.
Aurten oso talde indartsu batean zaude, Specialized-Fundación Alberto Contador taldean.
Bigarren urtea dut afizionatu mailan eta Specialized-Fundación Alberto Contador taldeak aurten atera du 23 urtez azpikoen taldea. Euren asmoa Tinkoff-Saxo talderako txirrindulariak lortzea da.
Nolatan fitxatu zenuen?
Nire prestatzailea Patxi Vila txirrindulari ohia da, eta Specialized enpresarentzat lan egiten du. Fran Contadorrek, Albertoren anaiak, beharbada deitu egingo zidatela esan zion. Ez zuten deitzen eta urduritzen hasia nengoen. Irailean Fran Contador berak deitu zidan, Beasaingo Arranon lagunekin bazkaltzen ari nintzela.
Zeintzuk dira zure asmoak 2014rako?
Lauzpabost lasterketetan parte hartu dut, baina oraindik ez dut nire maila eman. Bretainiako itzulian profesionalekin aritu behar gara, eta aukera hori ikasteko baliatu nahi dut. Bestalde, Beasaingo lasterketan eta Lehendakari txapelketan onenen artean egon nahi dut. Eta, zergatik ez, lasterketaren bat irabazi.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Profesional mailara pasatzea oso zaila da. Iazko afizionatu onenak Poloniara joan behar izan dira. Dena den, egia da Specialized-Fundación Alberto Contador taldeak izena duela eta atzerriko talde asko guri begira egongo direla.
Nolako txirrindularia zara?
Iaz aldapa motz eta gogorretan eta 20-30 laguneko esprintetan ondo moldatzen naizela ikusi nuen. Erlojuaren aurkakoak ere gustatzen zaizkit, eta horretan hobetu egin nahi dut.