Santboiana hartuko du etxean etzi Ampo Ordiziak
Ligako azken txanpan sartzear, 19. jardunaldiari egingo dio aurre asteburu honetan Ampo Ordiziak. Igandean, UE Santboianaren bisita jasoko dute Altamiran. Partida ezohiko orduan izango da oraingoan; eguerdiko ordubatean hasiko da aurrez atletismo probak daudelako estadioan bertan.
Kataluniarrak hamargarren postuan daude sailkapenean, Ligari hasiera eskasa eman baitzioten. Hala ere, denboraldia aurrera joan ahala indarra hartzen doaz, bi hilabete daramatzate partidarik galdu gabe. Euren aurka galdu dutenen artean daude Quesos Entrepinares eta Atletico de Madrid bezalako taldeak.
Urte amaieran egin zituzten fitxaketen artean, Fangatapu Apikotoa dago, joku zabaltzaile postuan aritzen dena. Charles Baker da beste finatxeketatko bat, hiru laurdenetan jokatzen du zelandaberriarrak.
Ampo Ordiziaren taldean Corey Simpson baja izango da, zuntz haustura txiki bat deual eta. Jokatu dezakeen arren, lesioa handitzeko arriskua duenez, Santos Regil eta Phil Huxfordek ez jokatzea erabaki dute. Jokatu ezinean dagoen bestea Richard Muagututia da, aurreko astean hirugarren txartela ikusi zuen. Joan Tudela zalantzan dago oraindik, lesioa hobetzen ari zaion arren, azken unera arte ez dute jakingo jokatzeko prest egongo den edo ez.
Ordiziako Rugby Elkartetik diotenez Ampo Ordiziak “ezin du berriro akatsik egin play offetan sartu nahi badu. Gainera, galdeak zaleei erakutsi nahi die aurreko astekoa ez dela berriro gertatuko”.
Norgehiagoka hasi aurretik, Maider Gaztañagari omenaldi txiki bat egingo diote Neguko Espainiako Triatloiko txapela lortu berri duela-eta.