Chiappucci, Lejarreta eta Perurena EHko Itzuliaz eta txirrindularitzaz solasean aritu dira
Eskarmentu handiko txirrindulariak dira hirurak, Euskal Herrian zein hemendik kanpo zaku bete garaipen lortutakoak: Claudio Chiappucci italiarra eta Marino Lejarreta eta Txomin Perurena euskaldunak. Ordizian hasiko den Euskal Herriko Itzuliaz eta orokorrean txirrindularitzaz solasean aritzeko gonbidatu dituzte, itzulia girotzeko antolatutako Udaberrian Martxan ekitaldi sortaren barruan. Eta deialdiari erantzunez, txirrinduzale ugari bildu dira gaur, Ordiziako herri antzokian egindako mahai-inguruan.
Juan Mari Guajardo kirol probetako speaker ezaguna aritu da aurkezle eta moderatzaile lanetan. Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo ibilbideaz galdetu die hirurei aurrena. Claudio Chiappuccik badaki zer den itzulian etapa garaipenak lortzea, eta Euskal Herriaz oroitzapen onak dituela azaldu du. “Lasterketa batzuk irabazia naiz hemen, ez bakarrik itzulian, baita Urkiolako igoeran ere”. Euskal Herrian “euri asko” egiten duela dio, eta horrek aurtengo itzulia baldintzatu lezakeela. Aurreneko etaparen berri ere badu italiarrak: “lehen etapa oso zaila dela uste dut; uste ez, badakit hala dela. Portu gogorra da Gaintzakoa”.
Lejarretak berriz, aurtengo ibilbideari oraindik ez diola gehiegi erreparatu aitortu du. “Txirrindulari garaian gehiago begiratzen genuen, baina orain, ikusle bezala, egunean egunekoa begiratzen dut”. Hala ere, datuak ikusita “lehen etapa gogorra” izango dela uste du, “%20ko desnibela duen aldapa” duelako tartean. Bere ustez, “lehen etapak aurreneko selekzioa egingo du; gero Eibarko etapa ere hor dago, Arrateko igoerarekin; eta erabaki, erlojupeko probak erabakiko duela uste dut”. Azken hori ezagutzen du hobekien, “etxetik gertukoa” delako. “Bi portutxo ditu, berez ez dira zailak, baina erlojupeko proba batean gogorrak egin daitezke”.
Ordiziarekin oroitzapen berezirik duenik bada, hori Txomin Perurena da. Izan ere, duela 40 urte Ordizian hasi zen itzuli hartan parte hartu zuen. “Azken asteetan argazkiak eta ikusten aritu naiz, eta igual igual gaude, apenas aldatu gara” zioen txantxetan. Guajardok gogorarazi duenez, Euskal Herriko Itzulian garaipen gehien lortu dituena da Perurena, Sean Kelly handiarekin batera. Biek ere, 11na garaipen dituzte.
Euskal Herriko Itzuliaz ez ezik, bakoitza bere garaiko lorpenez eta etapa mitikoez aritu dira solasean, tarteka, baita publikoko jendeak egindako galderei erantzunez ere. Han bildutako zaleek ederdi gozatzeko aukera izan dute, txirrindularitzaren historian beraien tokia egina duten hiru beterano hauekin.