Murumendi Pilota Eskolaren aldeko pilota partidak egongo dira ostiralean
Beasaingo Murumendi Pilota Eskolak urtero antolatzen duen eskolaren aldeko partida jokatuko da ostiral honetan, 22:00etatik aurrera Antzizar kiroldegian. Bi partida izango dira: Lehena, Final Aurreko Binakako Promozio Txapelketako partida izango da eta Gorka-Merino bikoteak Jaka-Rezusta bikotearen aurka jokatuko du. Jarraian, binakako beste partida bat jokatuko dute Saralegik eta Beginok, Olaetxearen eta Albisuren aurka.
Gaur goizean aurkeztu dute emanaldia, eta aurkezpenean izan dira Arkaitz Goikoetxea Murumendi Pilota Eskolako kidea, Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Asegarceko Manu Zubillaga, eta baita ostiralean jokatuko duten hiru pilotari ere: Albisu, Rezusta eta Jaka. Aurkezpenaren ostean, Agirrek eta Goikoetxeak udalaren eta pilota eskolaren arteko akordioa sinatu dute.
Partida ETB1 katean ikusteko aukera egongo da zuzenean. Bertan ikusi nahi dutenek berriz, sarrerak dagoeneko eskuragarri dituzte Antzizar kiroldegian eta herriko zenbait tabernetan (Arranon eta Basakanan, esaterako), 15 euroren truke. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira 20 euroren truke Antzizar kiroldegian bertan.