Nafarroa kaleko lanak ekainerako amaituta egotea aurreikusi du udalak
Nafarroa kaleko lanak «ekainerako amaituta» egongo direla aurreratu du Legazpiko Udalaren izenean Rakel Puente komunikazio zinegotziak. Nafarroa kaleko lanak amaitu eta gero hasiko dituzte Santikutz kaleko aldapako egokitze lanak, eta horrekin amaitutzat emango da obra, bere osotasunean. Nafarroa eta Santikutz kaleetako obren artean, ordea, «Aizkorri kalean egin beharreko hainbat lan» daudela esan du Puentek. Hala «ekainean hasiko gara Aizkorri kaleko lanekin eta Santikutz aldaparekin urrian hastea» aurreikusi dute.
Pasa den azaroan hasi zituen udalak Nafarroa kalea oinezko bihurtzeko eta azpiegiturak berritzeko lanak, lehenengo fasean. Lan hauek Elizondo tabernatik Mauleon hotelera arteko zatia hartu dute. Otsailerako amaituta behar zuten lanek, baina «arazo asko izan dira lurra zulatzen hasita». Lehenengo faseko lanak «Santikutz jaietarako amaitzea» da orain helburua. Ondoren, jarraian hasiko dituzte bigarren faseko lanak, «Mauleon hoteletik hasi eta Saturnino Telleria biribilgunera bitartean». Azken lan hauek orain obrak egiten ari den enpresa berari esleitu zaizkio, Excavaciones de Diegori, hain zuzen, eta 136.866 euroko aurrekontua izango dute.
Puentek zehaztu duenez, lehenengo faseko lanik gehienak jaietarako amaituta egongo dira «zorua amaituta egongo da, eta bigarren faseko zenbait lan ere hasita egongo dira». Mauleon hotelera arteko zatian faltako diren «hiri-altzariak jaien ondoren jarriko dituzte». Gainerakoan, jaietan «makinak Nafarroa kaletik erretiratuko dituzte, eragozpenik ez sortzeko». Behin jaiak amaituta berriro ekingo zaie lanei.
Santikutz aldapa urrian
Obra hauekin batera egingo dituzte Santikutz aldapako egokitze lanak ere. Bi fasetan gauzatuko dira, lehenak taxi geralekua zena hartuko du eta bigarrenak, hortik aldaparaino doana. Lan horiek ere Excavaciones de Diego enpresak egingo ditu eta 34.000 euroko aurrekontua izango dute. Lan hauek hasi aurretik, ordea, badaude «Aizkorri kalean aurretik egin beharreko zenbait lan».
Azpiegiturak berritu beharra daude bertan ere «lau metroko sakoneran zulatu behar da kalea hasiera batean, batez ere, ur-hoditeriak berrituko dituzte». Lan hauek ekainean hasiko dituzte «Nafarroa kalekoak behin amaituta». Urrirako amaituta egotea espero da eta orduan ekingo diete Santikutz aldapako lanei. Lan hauek lehiaketara aterako dira, 200.000 euroko aurrekontuarekin.