14 garagardo izango dira aukeran Legazpin bihartik aurrera egingo duten azokan
Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatuta IV. Garagardo azoka izango da bihar arratsaldean hasi eta igandera bitartean Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Juan Luis Ormazabal elkarteko kideak aurreratu duenez, aurten hamalau garagardo izango dira aukeran «aurreko urteetan baino bi gehiago». Urtero bezala, «garagardo horiak, beltzak eta gorriak· eskainiko dituzte, baita alkoholik gabeko bat ere. Garagardo gehienak jatorri alemana duten arren, izango dira baita, «txekiarrak, eta Erresuma Batukoak» ere.
Garagardo tiketak 4 eurotan salduko dituzte aurten, eta pitxarrak 1,5ean. Berrikuntza gisa «pitxarra bueltan ematen duten guztiek, beste egun batean pitxar bat doan eskuratzeko» aukera izango dute. Jatekoari dagokionean, menua 27 eurotan salduko dute iazko prezio berean. Bi pertsonentzako «ukondoa, bi saltxitxa, patata purea eta azken buruko bana» izango ditu. Oilasko izterrak patatekin eta patata minak eskatzeko aukera ere izango da, «Azpe sukaldariaren eskutik».
Jatekoan ere berrikuntzak
Bihar, 18:30ean irekiko ditu ateak azokak eta egunero «ordu berean irekiko da». Gaur eta bihar goizaldeko 1:30era arte egongo da irekita, «larunbatean ordutegi zabalagoa izango da eta igandean 23:00etarako istea» aurreikusi dute. Beste berrikuntzen artean, aurten «pantaila erraldoi bat» jartzeko aukera izango dute, bertan «Realaren partida ikusteko aukera izango da larunbatean eta elkarteak antolatzen dituen zenbait probetako argazkiak ere ikusgai izango dira».