Ezkiaga auzoan 120.000 euro zertan gastatu erabakiko dute auzotarrek
Beasaingo Udalak, aurrekontuetan, Ezkiaga auzorako 120.000 euro zehaztu zituen. Bada, orain, auzotarrek diru hori zertan gastatu erabakiko dute. Atzo arratsaldean Ezkiaga auzoko elkartean prentsaurreko bidez azaldu zuten, erabaki hau partehartze prozesu baten bidez erabakiko dutela auzoko bizilagunek. Bertan izan ziren Ana Uranga eta Cesar Martin auzotarrak eta auzotarren “elkarlana eta partehartzea” eskatu zuten udalak ematen dien aukera hau aprobetxatzeko, euren esanetan “beti egin dugun bezala”.
Ekimen hau apirila eta maiatza bitartean gauzatuko dute eta 2 fase izango ditu: Lehenik, auzotarrek proposamenak egiteko aukera izango dute eta egindako proposamen guztiak aztertzeko epea ere egongo da. Gero, bigarren fasean, bideragarriak diren proposamenen artean bozkatu beharko dute auzotarrek eta adostutako erabaki bat hartu.
EGUTEGIA:
- Apirilaren 16ra bitarte: auzotarren proposamenak jasoko ditu udalak. Bi bide dituzue proposamenak egiteko:
- Apirilaren 17tik 28ra: jaso diren proposamen guztien azterketa egingo da Udalean.
- Apirilak 29, asteartea: jasotako proposamen guztiak aurkezteko bilera egingo da auzotarrekin. 19:00etan Murumendi eskolan. Bilera honetan bideragarriak diren proposamenak zeintzuk diren aztertuko da eta proposamen horiek 2. fase batera pasako dira.
- Apirilaren 30etik maiatzaren 11ra arte: 2. fasera pasa diren proposamenak bozkatzeko epea. Auzotar bakoitzak behin bozkatzeko aukera izango du.
- Maiatzak 13, asteartea: Bozketaren berri emateko eta erabakia berresteko bilera egingo da auzotarrekin. 19:00etan Murumendi eskolan.