«Goierri izugarrizko euskarria da Euskal Herriko Itzuliarentzat»
Zegamar odola du zainetan Jose Luis Arrieta Lazkanok (Donostia, 1947), aita-amak Zegamakoak izanda. Baita txirrindularitzarena ere. Euskal Txirrindularitza Federazioaren lehendakari da 2009tik. 2012an aukeratu zuten berriz, beste lau urterako. Bizikleta artean lan egin du azken 40 urteotan. Horren ondo ezagutzen duen Goierrin egin du, beste behin, Euskal Herriko Itzuliaren apustu bat.
Dena prest dago Itzulia astelehenean Ordizian hasteko?
Bai. 19 talde izango dira, eta txirrindulari oso garrantzitsuek parte hartuko dute: Valverde, Betancur, Contador, Rui Costa, Albasini eta Gerrans Orican, Cadel Evans eta Sanchez, Gilbert… Azkeneko itzuli txikietatik hona datozenak aurrean ibili dira gainera, Pinot edo Vichot.
Zer maila espero duzu aurten?
Ikusi behar dugu zer formatan datozen Schleck bi anaiak, Haimar Zubeldiarekin. Haimar gaizki zegoen, baina espero dugu arazoak konpondu eta Itzulian izatea. Maila ona izango da. Astanan, Belkinen Mollema eta Gesink, Katushan Purito Rodriguez ez baina bai besteak… Talde guztietan dago jende berezia eta aurrean ibiltzekoa. Tony Martin, Moreno Moser… Etxeko taldeak, Caja Ruralek, nik uste hori baino talde hobea ezin duela atera. Talde oso polita eta lehiakorra du.
Iaz Beasainen bukatu eta aurten Ordizian hasi. Azken urteotan Goierri giltza da Itzulian.
Goierri beti izan da giltzarria. Eta ez bakarrik txirrindularitzarako, gauza askotarako: ikusi errugbian non dagoen eta nola egon den. Beste kirolak ere asko egiten dira. Goierri izugarrizko euskarria da Itzuliarentzat. Datorren urterako ere eskatuta dago zerbait Goierriko tontorrean, Zumarraga aldean.
Beraz, 2015ean ere Itzulia Goierrin izango da?
Seguru, bai.
Zer aurkitzen duzue hemen, bada?
Antolaketa, izugarrizko antolaketa. Jendea buru-belarri ari da leku guztietan antolatzen. Eta jendea. Herria ikustera joaten da, aldapa zaharretara, berrietara eta berritutakoetara ere bai. Denak. Hori behar da. Horrelako lasterketa bat egiten bada, jendeak ere erantzuna emateko da.
Aurten Gaintzako igoera da berritasuna. Goierritarrei bertako geografia erakusten ari zarete.
Jendea pozik gelditzen da horrelako igoera berriak ezagututa. Gainera, errepideak konpondu egiten dira pixka bat. Zaletuak eta bizikletan ibiltzen direnak mordoa ari dira hortik gora pasatzen, jada asfaltatu eta gero. Baserritarrek komentatzen dute egunero ikusten dela txirrindulari mordoxka bat.
Zuk baduzu beste amets bat ere, ezta? Aldapa berezi bat, etapa bukaera ikusgarria.
Beno, polita litzateke. Baina batzuetan, dauzkagun asmoak dauden azpiegiturekin nahasten dira. Ea posible den jartzea tontor batean etapa bukaera… Guretzat derrigorrezkoa irtenbidea da, ez bukaera bakarrik, baizik beste bide bat ere behar du ailegaerak: larrialdietarako, goian gelditzen diren txirrindulariak, kotxeak eta bestelakoak ateratzeko. Lehendabiziko gaia hori da, eta gero gauza gehiago.
Ideiaren bat agertzen baldin bada berehala deitzen didate, aldapak edo bideak ikustera joateko, «hau ere oso ona da pasatzeko, bukatzeko», esanez. Gaintzan bi aldiz pasatuko da, Larraiztik hiru aldiz… Badaude aukerak, alde batean eta bestean ikusteko.
Lehenengo etapa izateko, Ordizia-Ordizia gogorra dela esaten da, iaz Beasaingoa bezala.
Laburtxeagoa izango da astelehenekoa, iazko Eibar-Beasain etapa baino. Azkenean, aldapa bada, baina Euskal Herrian dauden aldapak normalki ezin dira konparatu Pirinioetan daudenekin. Han oso luzeak dira, 16-18 kilometrokoak, eta hemen gehienez 6-7 kilometrokoak dira, Jaizkibelek daukana.
Nire asmoa beti izan da Euskal Herriko Itzulia Aralarreko San Migelera iristea. Orain dela 14 urte baino gehiagotik bide hori asfaltatzeko aurrekontua eskuan izan dut nik. Baina, apirilean nola egiten dugun gure Itzulia, eguraldi kaxkarra egiten du beti, edo elurra, edo bustia, edo hotza. Horrela, dagoen bezala, ni behintzat ez naiz ausartzen hortik pasatzera. Espainiako Vuelta hortik pasatuko da, abuztuaren bukaeran. Beste eguraldi bat egiten du udan, lehorra.
Zegamarekin zer lotura duzu?
Nire gurasoak, biak, Zegamakoak dira. Han, oraindik, izeba bat badut, eta lehengusu pilo bat. Alde batetik Arrietatarrak, eta beste aldetik Lazkano abizenekoak; baserrietan eta kalean, asko. Arrieta asko daude.
Herri txirrinduzalea izan da Zegama. Itzulia hartu du, Aitor Perez Arrieta profesionala…
Perez Arrietak bi anaia izan dira bizikletan, Aitor aurrera ibilitakoa —ez dut familiartekoa—. Lehen ere egon zen profesionaletara iritsi zen Iñaki Arrieta, Tekan korritutakoa, Zegamakoa. Beste txirrindulari pilo bat ere egon dira, Zabaleta, Jon Ander Intsaustik lehengusuak eta osabak baditu Zegaman… Kasta badago.
Laster Itzulia hara itzultzeko asmorik bai? Otsaurtera edo.
Lehen ere konpondu zen errepidea Zegamatik goraino. Orain ere eskatzen ari dira hori, berriro hara joateko. Ea egiten dugun.
Itzuliaren egoera eta etorkizuna zein da gaur egun, duela urte pare bateko zalantzen ondotik?
Gaur ere zailtasunekin dago, diru mailan ez daukagu %100 osatuta. Baina, ez da beldurtzekoa ere falta zaigun dirua. Hor dauzkagu babesleak. Gero, oso-oso garrantzitsua, herriak zer jartzen duen da. Horrekin nahiko kopuru egiten da. Asko bilatu behar da, asko, asko. Baina gastu gutxi eginda, ea sarrerak inondik badauden.
Datorren urterako badaukagu hasiera, badaukagu bukaera, eta tartean beti egoten dira Eibar eta Gasteiz. Falta zaigu etapa bat zer izango den finkatzea. Etapa horretarako eskaerak badauzkagu. Baina izenak, pixka bat baieztatu arte, ez dira esan behar.
Iaz galera handia izan zen euskal txirrindularitzan, Euskaltel desagertuta. Euskal federazioan ibili zineten Continentaleko talde bat atera nahian. Nola dago asmo hori?
Oraintxe, geldituta, baina ez alde batera utzita. Pauso batzuk emango dira hemendik gutxira, eta espero dugu benetako taldea berriro gauzatzea eta gora iristea, ez dakit noraino. Baina nik uste taldea agertuko dela.
2015erako bai?
Espero dugu. Baina ezin dugu gehiago esan, beti ematen duelako konpetentzia txiki bat egiten diogula Euskadiri, eta hori ez dugu nahi.
Txirrindu munduan aspalditik zabiltza, antolakuntzan, federazioan, Itzulian… Zuretzat zer da mundu hau?
Gozamena, lan askorekin. Suplizioa ez, baina egunero-egunero ordu pilo bat sartu beharra dago. Lan hori jendeak disfrutatzeko egiten dugu. Gu prest gaude lan hori egiteko, orain arte prest egon gara. Hemendik aurrera, urteek ere ez dute barkatzen…
Baina jarraitzeko asmoarekin?
Beno. Itzuli hau aterako da, espero dugu datorren urtekoa ere baietz, baina hemen zailtasunak dira diru kopuruak nondik lortu, gauzak egiteko. Ezin dugu esan oraintxe utzi egingo dugunik, baina egunen batean hori gerta liteke. Asko erretzen du horrela ibili beharrak.