Lanerako gogoz
Lan eskasiak bultzatuta iritsi ziren Naiara Landa eta Idoia Garmendia urretxuarrak ortoprotesikaren inguruko goi mailako ziklora. Biak ala biak ere, aurrez osasungintza alorrean lanik egin gabe zeuden.
Duela bi urte jarri zuten martxan Urola Garaiko Lanbide Eskolan ortoprotesika zikloa, lehenbizikoz. Gorputz atalen bat falta edo elbarritasunen bat dutenentzat neurrira eta egokiak diren gorputz atal artifizialak egiten ikasi dute; eriei eman beharreko laguntza psikologikoaren gaineko ezagutzak ere jaso dituzte, baita elbarrientzat ingurunea nola egokitu behar den ikasi ere, besteak beste. Ikastetxean jaso beharreko ezagutzak jasota, enpresetan edo zentroetan praktikak egiteko prest daude zikloa egin duten hemezortzi ikasleak.
Naiara Landak Administrazio Laguntzaile ikasketak egin zituen, baina lan munduan lekua egitea kostatzen ari zitzaiola eta animatu zen ortoprotesika zikloa egitera. Picasso softwarearekin aritu da lanean. Erien artatu beharreko atalak eskaneatu eta 3D inpresorekin egiten dute produktua. «Eriarentzat askoz ere erosoagoa da horrela egitea, eskaiola baino material arinagoak dira, leunagoak eta azkarrago lan egin daiteke», dio. Otroprotesika ikasleek elbarritasunen bat duten pertsonekin egin dute lan zikloko proiektua osatzeko. «Poza ematen du zuk egindako lan bati esker jendeari laguntzen diozula ikustea, bizia erraztu diozula», dio Landak.
Idoia Garmendia galdaragintzan hamaika urte eman eta langabezian gelditu ondoren iritsi da goi mailako ziklo honetara. Protesietarako material berriak ikertzen eta probatzen aritu da bera. Material iragazkorra bilatzea izan da bere egitekoa.
Pertsonekin lanean
Galdaragintzatik ortoprotesikara alde handia ote dagoen galdetuta, komunean «uste baino gehiago» dutela dio Garmendiak: «Galdarintza giza gorputzean, horixe da ortoprotesikan egiten duguna, zerbaitek kale egiten duenean huraxe konpontzea da kontua».
Edonola ere argi du Garmendiak pertsonekin lan egitea ez dela makinekin aritzea. «Kontuan izan behar ditugu jendearen beldurrak, beharrak, nahiak…», dio berak.
Jaiotzez elbarritasunen bat dutenek ezintasun hori «onartuago» izaten dutela diote. Zailagoa izaten da istripuen kasuan Garmendiaren arabera: «Gazte eta norbere burua mozketaren batekin ikustea oso gogorra da. Egunerokoan oztopoak besterik ez dituzte ikusten hasieran. Gorputzeko mugikortasun egokia lortzea da gure egitekoa, baina baita bere ingurunea bere beharretara egokitzen laguntzea ere».
Lehenago elbarriekin lanik egin gabekoa izanda, hasiera batean «gogorra» egin zitzaiola dio gorputz atal moztuak ikustea, hala ere urretxuarraren arabera «oso pertsona irekiekin egin dugu lan, ez zuten arazorik ukitzeko, nahi duguna egiten utzi digute».
Iktus baten ondorioz ibili ezinik zegoen Beasaingo emakume batekin lan egiteko aukera izan du, esate baterako, Garmendiak: «Maisuak prestatu zion bere arazoa konpontzeko moduko gailu bat eta oinez irten zen hemendik. Bere burua oinez ikustean emakume hark egin zuen irribarrea gogoratu hutsarekin ileak tente jartzen zaizkit».
Kanpora begira
Ekainean, zikloa amaitzean, tituluarekin irtengo diren ikasle hauek lehenak izango dira. Inguruetan gainera, Euskal Herrian behintzat, ez dago ortoprotesikan espezializaturiko profesionalak prestatzen dituen zentrurik.
Ikastetxetik irten eta hainbat zentrotan praktikak egingo dituzte hemendik ekainera bitarte. Bilbo, Gasteiz nahiz Iruñean, ugari dira ikasle hauek hartzeko interesa agertu duten zentruak.
FEDOP Espainiako Ortesi eta Protesi Egileen federazioko eta AFDO Ortopedia Ekoizle eta Banatzaileen elkarteko ordezkarien bisita izan zuten martxoan Zumarragan, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko zein Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko agintariekin batera.
Zikloan landu dituzten proiektuak aurkeztu zituzten. Pazienteak ere lagun izan zituzten aurkezpen horretan. Gaiztotze baten ondorioz ia hanka galtzear izan zen urretxuar batek, adibidez, bere egoera agertu zuen. UGLEko irakasleek eta ikasleek lagundu diote bere beharren arabera sortutako plantilla batekin. Arazo larria duen arren, ia bizimodu normala egiten du.
Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak azaldutakoaren arabera, 2011 eta 2014 urteetarako egindako gogoeta estrategikoan erabaki zuen Urola Garaia Mankomunitateak giza eta osasun alorrak sustatzea; eta UGLEk proiektu horren parte izateko erabakia hartu zuen: «Merkatua aztertu genuen eta ortoprosietan adituen eskaintza urria zela ohartu ginen».