Aitorpena euskaraz egiteko beharra eta eskubidea aldarrikatu du UEMAk
2013 urteari dagokion jardunaren errenta aitorpena egiteko garaia heldu dela-eta, Ordiziako eta Lazkaoko udalek herritarrak izapideak euskaraz egitera anima daitezen kanpainari ekin diote UEMArekin elkarlanean. Autolikidazio proposamenak dagoeneko bidaltzen ari dira eta gainontzeko modalitateak apirilaren 11ean hasiko dira.
Aurrez aurreko kasuetan, esate baterako, hitzordua hartzerakoan adierazi behar da errenta aitorpena euskaraz egin nahi dela. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak ere euskaraz eduki daitezke. Bestalde, etxean autolikidazio proposamena jasotzen den kasuetan, onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela esatearekin nahikoa da aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaltzeko.
Era berean, Internet bidez egiten den kasuetan, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke.
Goierrin Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dauden herrietan iaz 2012ko errenta aitorpena euskaraz egin zuten bizilagunen datuak ere eman dituzte.
Hala, Altzagan %26,6k egin zuen eskaraz; Araman, %21,1ek; Gaintzan, %38,1ek; Itsasondon, %28,9k; Lazkaon, %22,6k; Ordizian, %14,89k; Seguran, %34,4k; eta Zaldibian %36,6k.