Kantaka abesbatzak 'The armed man' lana abestuko du, Lazkaoko jaietan
San Prudentzio jaietako lehenengo egunean, apirilaren 25ean, goi mailako musika ikuskizuna izango da Lazkaoko Areria antzokian. Kantaka abesbatzak Karl Jenkins konposatzaile galestarraren The Armed Man lana taularatuko du. Guztira ehun-bat laguneko taldeak osatuko du koreografia.
Kantakarekin batera Aita Donostia abesbatza ere ariko da, 90 laguneko korua osatuz bien artean. Zortzi-bat musikariko orkestrak lagunduko die. Biolina, bi tronpeta, perkusioa eta biolontxeloa joko dituzte ikuskizunean.
Lau hizkuntzatan garatzen da obra: latinez, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Muezin arabiar errezitatzaile batek ere parte hartuko du emanaldian.
Karl Jenkinsek (Penclawdd, Gales, 1944) The armed man–A mass for peace diskoa 1999ko apirilaren 25ean aurkeztu zuen, Londreseko Royal Albert Hall antzokian. Gerren aurkako aldarria da. Kasualitatez, Lazkaoko emanaldia mundu mailako estreinaldi egunaren 15. urteurrenean da.
Telebistarako iragarkien musika sortzen lan asko egin du Jenkinsek. Bi aldiz irabazia du arloko sari garrantzitsuena. Adiemus proiektuaren sortzaile ere bada, Songs of Sanctuary disko arrakastatsuarekin hasi zena, 1994an.
Lazkaon estreinaldia
Kantaka abesbatzak hilabeteak daramatza The armed man kantaldia prestatzen. «Lazkaorentzat garrantzitsua dela uste dut horrelako obra bat bertan estreinatzea, ondoren Donostian eta beste zenbait lekutan egingo bada ere», azaldu du Kantakaren zuzendari Debora Herrerok. Javier Alberdirekin batera gidatuko du apirilaren 25eko saioa.
«Mundu mailako ikuskizuna da, berezia. Goierrin ez da sekulka halako emanaldirik izan», gaineratu du Herrerok. Irudiak proiektatuko dituzte pantailan.
Emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai ipini dituzte. Lazkaon (udaletxean, Gerriko liburu-dendan, Orobione tabernan eta emanaldi egunean Arerian), Olaberriko Zezilioenea jatetxean eta Ormaiztegiko Murua tabernan eros daitezke, 6 euroan.