Lazkaoko egoitzako edadetuak, ikastolako nerabeekin
Zaharra eta txarra eskutik helduta doaz gaur egungo gizartean. Estimu eta abegi gutxi zaio urte asko dituenari. Nahiz eta balioko handikoa izan. Pertsonekin ere berdina gertatzeko arriskua errotik sendatu ohi dute Lazkaon. Seigarren urtez, San Benito ikastolako Batxilergoko lehen mailako ikasleek eta Txindoki zaharretxeko egoiliarrek belaunaldien arteko topaketa egin dute, hiru egunez. Sendagaia, ustezko gaitza bera izan dute gainera: zaharrak eurak. Beren jakintza, goxotasun eta pazientzia guztiarekin.
Batxilergoko ikasketa biosanitariokoak dira topaketan parte hartu duten neraberak, 16 guztira. «Adinekoen errealitatea» ezagutu eta haien esperientzia estimatu ahal izan dute. Hartu-emana egin, elkarri entzun, eta ikasi egin dute. «Parte hartutako ikasle guztiek esan dute Txindokiko egoiliarrak oso gertu sentitu dituztela, adina ez da inolako oztopoa izan. Egoitzetako agureei buruzko pertzepzioa aldatu zaiela baieztatu dute», esan dute San Benito ikastolako arduradunek.
Lehenengo bi egunetan Txindoki egoitzan izan ziren ikasleak. Jolas batean, egoiliarraren lekuan jarri ziren, «horrela adineko batzuen muga fisiko eta psikikoez jabetu ginen». Sukaldaritza lehiaketa bat ere egin zuten, eta Alzheimenarri buruzko bideo «hunkigarri» bat ikusi zuten.
Hurrengoaren zain
Hirugarren egunean, edadetuak ikastolara joan ziren. Mikroskopioak eta ordenagailuak erabili zituzten, gazteek gidatuta. Gazteek zaharren esperientziaz eta errealitateaz izan dezaketen estimua bultzatzea eta handitzea zen helburua. Txindoki egoitzakoek ere bikain baloratu dute ekimena: «Agureei buruz dauden aurreiritziek erlazio positiboak garatzea oztopatzen dute. Molde horiek puskatu eta elkar ezagutuz, harreman solidarioagoa indartu dugu», diote zaintzaileek.
Denak zazpigarren topaketaren zain geratu dira.