Gurean dira lehenengo brinoiak
Pasa den astean posturen batean edo bestean lehenengo albertxikoak ikusi genituela bagenioen, atzo eskaintza majo zabaldu dela frogatzeko aukera izan genuen; eta ez hori bakarrik, denboraldiko lehenengo brinoiak ere Ordiziako plazan ditugu dagoeneko. Murtziakoak dira egunotan azokan aurkituko ditugun albertxikoak; eta Sevillakoak, atzo estreinaturiko brinoiak. Batzuk zein besteak, kiloko 5 eta 5,50 euro artean jarri dituzte salgai.
Gurean ditugu, beraz, udara begira kanpotik iristen zaizkigun lehen frutak; eta, hemendik aurrera, eskaintzak gora baino ez du egingo. Gainontzean, kanpoko produktuen atala alde batera utzi aurretik, aipa dezagun zainzuriak euroa inguru merkeago aurkituko ditugula; raf tomatea, berriz, 6 euroko langara iritsi da aste honetan.
Etxeko produktuak saltzen dituzten postuei dagokienean ere, eskaintza gero eta zabalagoa dela nabarmena da. Estreinatu berria dugu, esaterako, udaberriko aza, euro eta erdi edo bi euroan ale bakoitza, postuaren arabera. Eta lehenxeago hasitakoak ditugu ilarra eta baba; atzo, aletutako baba zaku txikiak ere ikusi genituen.
Landare postuetan, bestalde, bazen mugimendurik atzo ere, zabala baita bertan aurki litekeen aukera; azkena iritsitakoen artean, leka landarea aipatu behar da, bakoitza 30 zentimoan dago salgai.
200 kilotik gora ziza
Atzoko perretxiko eskaintzari dagokionez, errepasoa zizarekin hasi beharrean gara, 200 kilotik gora kontatu baikenituen plazako hainbat postutan banatuta. Prezioak, berriz, gustu guztietarako modukoak: 18 euroan ziren merkeenak eta 45 euroan, garestienak; azken hauek, etxekoak guztiak.
Horrekin batera, onddo eta zizahoririk ere bazen atzo plazan: denera 60 kilo onddo inguru, kiloa 15 eta 24 euro artean salgai, eta beste 10 kilo zizahori, 22 euroan kiloa.
- Aste honetako prezioak