Lazkaoko San Prudentzio jaiak bihar hasiko dira
Su ta Gar eta Gozategi
Zortzi urteren ondoren, Su ta Gar rock talde mitikoa Lazkaora itzuliko da. Etzi, larunbata, kontzertu indartsua emango du talde eibartarrak, plazan. Arkada Social arrasatearren street punk doinuek osatuko dute kontzertua.
Heavy metaletik triki-popera. Beste euskal talde entzutetsu batek, Gozategik, saioa egingo du, kuadrillen egunean. Huts egiten ez duten Drindots eta Egan ere Lazkaon izango dira. Musikaren arloa, ordea, Kantakaren ikuskizun handi batekin hasiko da, bihar bertan. Karl Jankinsen The armed man taularatuko dute, Arerian, Aita Donostia koruarekin eta ganbera orkestra batekin batera, ehun laguneko saioan.
Gainontzean, barrakak muntatuta, plazako kioskoa altxatuta, herri otorduetarako mahai-aulkiak inguruan pilatuta eta txosna jarrita, guztia prest dago jada jaietarako. Astean zehar jardun dira langileak dena atontzen. Jaietako ekitaldi gehienen bilgunea plaza nagusia izango da. Eguraldiak euritara jotzen badu, zenbait jarduera kiroldegiaren aterpera eramango dituzte, jolas parkeak edo pilota eskolen topaketa, kasu.
Kontzertuak txosnetan
Txosna batzordeak ere bere egitaraua ondu du. Bi kontzertu antolatu dituzte. Bihar hiru talde jardungo dira; Berako (Nafarroa) Borrokan, Señor No donostiarra eta Lazkaoko Fumut. Kuadrillen egunean, berriz, The Potes eta Dirty Brothers talde arrasatearrak ekarriko dituzte. DJ Bull disko jartzailea ere ariko da, etzi.
Patata tortillaren lehiaketa ere egingo dute, hirugarren aldiz. Astelehenean 18:30ean da. Antsoategi tabernan edo Gazte Asanbladaren sare sozialetan eman liteke izena. Osagaiak antolatzaileek jarriko dituzte, baina zartagina eta tresnak norberak eraman behar ditu. Tortilla onenaren egileek Amebi sagardotegian bi lagunentzat bazkaria irabaziko dute.
Festetan, hiru erakusketa ikusteko aukera ere izango da. Lazkaoko pintura tailerreko lanak kultur etxeko erakusketa aretoan jarriko dituzte (12:00-14:00 eta 18:00-20:00). Azki emakume elkartekoen eskulanena, berriz, kultur etxeko bigarren solairuan egongo da, aurrekoaren ordutegi berean.
San Benito ikastolako haurrek ere urteroko legez eskulanak sortu dituzte. San Prudentzio eraikineko aretoan egongo dira ikusgai, larunbatetik asteartera, 12:30etik 14:30era. Eskolako jolastoki estalian, bestetik, ikastolak afariak zerbitzatuko ditu. Bihartik apirilaren 30era, gauero afaldu ahalko da ikastolan.
Afizionatuen errepideko Gipuzkoako txapelketa Lazkaoko proban jokatuko da
Lazkaoko txirrindularitza lasterketa historikoak sari gehigarri bat izango du, aurten. Larunbatean jokatuko da Lazkaoko 71. Proba, eliteko eta 23 urtepeko afizionatuen mailan. Euskaldun lehiaketarako baliagarri izateaz gain, Gipuzkoako errepideko txapelketa ere jokatuko da karrera berean.
Lasterketa etzi 10:00etan hasiko da, Lazkaon. 131,5 kilometro luzeko ibilbidea prestatu du Lazkao Kirol Elkarteak. Helmuga 13:17rako dago aurreikusita, 40 km/h-ko abiadura kontuan hartuta. Ibilbidean hiru mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Larraitz (92. kilometroan), Lazkaomendi Zaldibiako Biandatik gora (106.ean) eta Urkillaga Kaxetatik gora (122.ean). Etaparen lehen zati luze bat laua izango dute, Alegiaraino bi joan-etorri osatuz. Hirugarren biran hasiko zaie gogortasuna, eta azken 38 kilometroetan segidan igoko dituzte hiru portuak.
Bestetik, hurrengo larunbatean (maiatzak 3) jokatuko den Lazkaomendiko txirrindularitza lasterketa, junior mailakoena, Gipuzkoako Klasiko bezala izendatu du federazioak.
EGITARAUA
Ostirala
Egitaraua dantza saioekin hornitzeko zeregina izan ohi du, normalean, Oina-Arin dantza taldeak. Aurten, festak hasteko ohorea ere badu. Taldeak botako du, bihar, Lazkaoko San Prudentzio jaien hasierako suziria, udaletxeko balkoitik bandoa irakurriz batera.
Dantza taldeko kide guztiak daude gonbidatuta, herritar ororekin batera, taldearen elastikoa jantzi eta festak dantza batean hastera. Iaz Maizpide euskaltegiak eta San Benito ikastolak izan zuten txupina botatzeko ohorea; duela bi urte Antzar Gazteak txistulariek eta Lazkaoko Talogileek.
Txupina botatzeaz gain, festetan saioekin jarraituko du, ondoren, Oin-Arinek. San Prudentzio eguneko prozesioa lagunduko dute dantzariek, eta ondoren plazan udal ordezkarien sokadantza gidatuko dute. Zaindariaren festa-eguna borobiltzeko, astelehenean 17:30ean triki-dantza erromeria egingo dute, plazan.
Lazkaoko sanprointzioak bihar hasiko dira, eta maiatzaren lehenera arte etenik ez dute izango. Denera zazpi egun dira. Hurrengo asteburuan Lazkaomendiko festak dira, maiatzaren 3-4an.
- 16:00. Xake txapelketa.
- 19:00. Jaien hasierako suziria eta bandoa, Oin-Arinekin. Ostargi erraldoi konpartsa, buruhandiak, Jundajo txaranga.
- 20:15. Hasiera topa eta elkarretaratzea, txosnan.
- 21:00. Kantaka eta Aita Donostia koruen eta ganbera orkestraren ‘The armed man’ musika ikuskizuna. Arerian.
- 22:30. Drindots taldea.
- 23:00. Kontzertua, txosnan: Fumut, Borrokan eta Señor No.
- 10:00. Lakzaoko 71. Proba, elite eta 23 urtepeko txirrindularientzat. Iritsiera, 13:17an.
- 12:30. Mozorrotuen irteera, Jundajo txarangarekin.
- 14:30. Bazkaria, txosnan.
- 22:30. Kontzertua: Su ta Gar, eta Arkada Social.
- 23:00. DJ Bull, txosnan.
- 09:30. Jubilatuen ibilaldi neurtua.
- 11:00. Lazkaoko, Olaberriko eta Ormaiztegiko pilota eskolen arteko topaketa.
- 11:00. Artisau azoka eta Lazkaoko talogileak.
- 18:00. Meza, San Prudentzion.
- 18:00. Pilota txapelketa herrikoiaren finala.
- 19:00. Buruhandiak eta Antzar Gazteak txistulariak.
- 19:30. Kale animazioa: Tolosako (Okzitania) Rockbox taldea.
- 22:30. Helduen V. Danborrada, San Prudentziotik plazara.
- 09:00. Txistularien goizeresia.
- 10:30. Prozesioa, San Migel parrokiatik San Prudentziora.
- 11:00. Meza, San Prudentzio ermitan.
- 12:00. Musika eskolako trikitilariak, plazan.
- 13:00. Agintarien sokadantza.
- 17:30. Dantza erromeria Oin-Arinekin, plazan.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa eta ginkana, haur eta gazteentzat, plazan.
- 19:00. Disko festa, plazan (19:00-20:30 eta 21:30-23:30).
- 09:30. Antzar Gazteak txistularien goizeresia.
- 11:30. Haur jolas parkeak, Gurutzeko pistan, Lazkao Txiki Zelaian eta San Jose auzoan. Euria bada, kiroldegian. 11:30-13:30 eta 16:00-18:30 tarteetan.
- 18:30. ‘Play-back’-a eta Egan taldearekin dantzaldia.
- 19:00. Sardina jana, plazan.
- 22:30. Egan taldea.
- 12:00. Burrunbazale txaranga, Txindoki zaharretxean.
- 12:30. Kuadrillen juntadizoa.
- 18:00. Irrien Lagunen ‘Arrantzara dantzan’ ikuskizuna.
- 19:00. Kale animazioa: Kataluniako Brincadeira batukada.
- 20:30. Itziarren Semeak taldearen kontzertua.
- 22:00. Kontzertuak, txosnan: The Potes eta Dirty Brothers.
- 23:30. Gozategi taldea.
- 11:00. Igeriketako eskualdeko 22. lehiaketa, kiroldegian.
- 12:00. Sukaldaritzako 26. Bakailao lehiaketa.
- 13:00. Urrezko Aizkora.
- 16:00. Toka lehiaketa herrikoia, plazan.
- 17:00. Dantza solteko 34. txapelketa.
- 19:00. Haur danborrada, San Prudentziotik plazara.