Zeferino Agirrek irabazi du Goierriko bola txapelketa, Zerainen
Goierriko 26. Bola Txapelketak bolari beterano bat izan du txapeldun, aurten. Zeferino Agirre segurarrak irabazi du lehiaketa, Zerainen apirilaren 12an jokatu zen finalean. Bigarren Andoni Berasategi idiazabaldarra sailkatu da, eta hirugarren Antonio Alustiza zeraindarra.
Denera zazpi jardunaldi izan dira, Mutiloan otsailean hasiz geroztik. Sariak ere zazpi banatu dituzte, herri bakoitzak berea jartzen duelako —finala jokatzen den herriak, aurten Zerainek, txapela—. Hala, Antonio Agirre, Martzelino Agirre, German Gereñu eta Martin Retegi izan dira 4. postutik 7.era bitartean.
Zeraingo azken jardunaldian, eguneko tiraldia Retegik irabazi zuen, 49 birla botata. Iñaki Etxezarreta gabiriarrak ere 49 jo zituen, eta bigarren izan zen.
Sailkapen orokorrean, gazteen saria Naiara Peñagarikano gabiriarrak jaso du, eta haurrena Patxi Ormazabal herrikideak. Zerainen afaria egin zuten bolari partaideek finalaren ondoren, eta orduan eman zituzten sariak.
Bolate denboraldiko hurrengo tiraldia Goierrin izango da, igandean. Gipuzkoako Kopako hirugarren jardunaldia Gabiriako Alkainburu bolatokian izango da, etzi goiz eta arratsalde.