Altzagan dimititutako hiru udal zinegotzien ordezkoak izendatu ditu foru aldundiak, eta Kudeaketa Batzordea sortu du
Altzagako Udala gobernatzen Kudeaketa Batzorde batek jarraituko du, legealdia bukatu eta 2015ean udal hauteskundeak egiten diren arte. Udalbatzan iaz izandako dimisioek eragin dute aginte-organo berria eratzea, bost zinegotzitik hiruk karguari uko egin ziotelako. Hutsuneak betetzeko hautagai gehiago ez zegoenez, eta udalbatzako kideen kopurua legezko kopuruaren erdira iristen ez zenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru herritar izendatu ditu orain, eta Kudeaketa Batzordea sortu du.
Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak apirilaren 15eko bileran erabaki zuen hiru altzagar bokal kudeatzaile izendatzea. Jose Antonio Irastortza Etxabe, Jose Maria Aranburu Olano eta Iñigo Olano San Sebastian herritarrek osatuko dute Kudeaketa Batzordea, lehendik Udalbatzan geratu ziren Imanol Mujika eta Migel Angel Muñagorrirekin batera.
Batzorde berriaren lehendakaria Imanol Mujika alkatea izango da. Aldundiaren erabakia behin betikoa da, eta administrazio bidea amaitu du. Udalbatzak beharrezko gutxieneko quorum-ik izan ez duen urtebete honetan plenorik ezin izan da egin, eta erabakiak alkatetzaren dekretuz hartu dira. «Erabaki garrantzitsurik» hartu beharrik ez dela suertatu azaldu du udal idazkariak, «2013ko udal aurrekontuak lehendik onartuta zeudelako». Aurtengo aurrekntuak lantzen orain hasiko da batzordea.
1985/5 lege organikoa aplikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak udal aginte organoa berrosatzeko, 182.3 artikulua hain zuzen. «Hauteskunde Batzorde Zentralak behin eta berriz esana du 100 eta 250 biztanle arteko udalerriei —hau da, banakako pertsonak aukeratzeari lotutakoei— ez zaiela aplikatu behar 182. artikuluan aurreikusten dena zerrendak agortzen direnerako: entitate politikoek beraiek proposatzea izendatu beharreko zinegotziak».
PP zen beste aukera
«Uko egiteen ondorioz, eta hautagairik ez egoteagatik, udal korporazioko kideen izatezko kopurua legezko kopuruaren erdira iristen ez bada, Kudeaketa Batzorde bat eratu behar da», azaldu du aldundiak, aste honetan, 182.3 artikulua aipatuz.
Altzagak, 2010eko urtarrilaren leheneko erroldaren arabera, 159 zituen, eta 2011ko udal hauteskundeetan norbanakoak aukeratu zituzten, bost guztira. 119 hautesleko erroldatik 94 altzagarrek eman zuten botoa: 86 balioko, 8 baliogabe eta 4 zuri.
Boto gehien lortu zituzten bost hautagaiak aukeratu ziren zinegotzi, bostak Altzagako Artea Taldekoak (AAT). Alderdi Popularra (PP) izan zen hautagaitza aurkeztu zuen beste aukera.
Zinegotzi aukeratutako hiru udalkidek 2013ko apirilaren 12an karguari uko egin zioten. Aurtengo martxoan, Altzagako Udaleko idazkariak Foru Aldundiari jakinarazi dio hutsuneak betetzeko ez dagoela hautagairik, «Alderdi Popular taldeko bost ordezkarietatik lauk beren kargua utzi zutelako behin betiko, eta bosgarrena, berriz, hilda zegoelako». Hala, hiru herritar bokal kudeatzaile izendatzea proposatu du.
Udalbatzan segitzen zuten bi kideek eta aldundiak izendatu dituen beste hiru herritarrek gidatuko dute udala orain, urte batez.