Legorretan Dantzari Txiki eguna izango da igandean, lau talderekin
Zaldibiako eta Ormaiztegiko Dantzari Txikien ondoren, Legorretako festak emango dio jarraipena urteko egutegiari, igandean. Irrintzi-Alai dantza taldeak inguruko herrietako beste hiru talde gonbidatu ditu, eta guztien artean ospatuko dute eguna.
Beasaingo Aurtzakak, Ordiziako Amets Bidek eta Zaldibiako Iztuetak parte hartuko dute, Legorretako Irrintzi Alaiko dantzariekin batera. Igandean 11:00etan elkartuko dira plazan, eta hamaiketakoa jango dute. Kalejira 12:00etan hasiko da. Auzoetara joango dira, tarteka dantza batzuk egiteko geldituz.
Saio bateratua 13:00etan izango da. Guztiek batera Agurra eta Ikurrina-dantza egingo dituzte, eta bakoitzak beste pieza batzuk. Haurrek Legorretan bazkalduko dute, han-hemenka banatuta, 14:15ean. Arratsaldean, 16:30ean, DJ Porrurekin disko festa eta erromeria izango da, 17:30a arte.
Zirkulazioarentzat kalea itxita
Dantzarien desfileak hainbat aldaketa eragingo ditu autoentzat. Kale osoa itxi egingo du udalak, 12:00etatik 13:00etara, Patxikoenetik Kaxeta gainera. Debekatutako tokietan ezingo da apakartu. Dauden aparkalekuak erabiltzeko eskatu du Udalak: udaletxe atzekoa, eskola aldekoa eta Bidarte auzokoa.













