Karmele Dorronsoro atxilotu dute gaur Ormaiztegin, Interneten "terrorismoa goratzea" leporatuta
Interneten eta sare sozialetan “terrorismoa goratzea” leporatuta, hainbat lagun atxilotu ditu gaur Guardia Zibilak, oraindik zabalik dagoen operazioan. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 17 dira atxilotuak guztira, eta goierritar bakarra da Dorronsoro; Ormaiztegin atxilotu dute, gaur goizean.
Goierriko Hitzak jakin duenez, goizeko 09:30ean, kafetegi batean zegoela, kalez jantzitako agente batzuk etorri eta “terrorismoa goratzeagatik” atxilotuta zegoela esan diote. Albiste agentziek gaineratu dute hogei lagun baino gehiago atxilotzea espero dutela. Araña deitu dute polizia operazioa, Barne Ministerioaren arabera.
Interneten terrorismoa goratu dutelakoan atxilotu dituzte, eta operazioa bihar arte luzatu daitekeela esan dute albiste agentziek, ikerketa daramaten iturriak aipatuz. ETAren terrorismoa goratzeko ustezko delituak burutzeko sare sozialen erabilera publikoa” leporatu die Barne Ministerioak zehazki. Gaineratu duenez, sakelako telefonoak eta informatika gailu eramangarriak kendu dizkiete atxilotuei.
“Iruzkinen helburuak”
Oharraren arabera, atxilotuek egin dituzten iruzkinen helburuak dira, beste batzuen artean, “oraindik aktibo dauden erakunde terroristek atentatuak burutzen jarraitzea”, “izan diren atentatuak goratzea”, “epaituak eta zigortuak izan diren terroristak goratzea”, “askatuak izan diren terroristei ongi etorria ematea”, “pertsona zehatz batzuen kontrako ekintza terroristak adierazi nahi izatea” eta “terrorismoaren biktimek jasan dituzten kalte fisikoei erreferentzia iraingarriak egitea”.
Albiste agentziek aurretik zabaldu dutenez, “ETA biktimetaz barre egitea leporatuta” ari da burutzen operazioa Guardia Zibila, eta albistean Irene Villa eta Fernando Trapero aipatzen ditu; Europa Pressek, berriz, Miguel Angel Blanco aipatzen du. Zehazki, Twitter eta Facebook sare sozialetan ustez idatzitakoengatik ari dira atxilotzen herritar horiek. Espainiako Zigor Kodean bi urte arteko espetxe zigorrarekin zigortzen da delitu hori.