"Jazarpen poliziala" salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Ormaiztegin eta Lazkaon
Guztira 21 lagun atxilotu dituzte atzo goizean hasi eta gaur eguerdira arte luzatu den polizia operazioan. Interneten eta sare sozialetan “terrorismoa goratzea” leporatzen diete atxilotu guztiei. Tartean dira atzo atxilotu eta gaur aske utzi duten Karmele Dorronsoro, eta gaur goizean atxilotu duten 20 urteko lazkaotar gaztea. Baieztatu gabe badago ere, hura ere aske utzi dutela zabaldu da. Bi atxilotuen herrietan, Ormaiztegin eta Lazkaon, elkarretaratze bana egin dute gaur iluntzean. Lazkaon, gainera, beste bilkura bat deitu dute biharko; 13:00etan izango da, plazan.