Lazkaon mundu osoa festara
Urtean zehar ezin konta ahala ekitaldi dantzaz hornitzen dituen Oin-Arin taldeak goitik hasi ditu Lazkaoko festak. Ostiralean, txupina bota eta bandoa irakurtzeko ohorea izan zuten. Geroz eta jende gehiago erakartzen duen hasierako ekitaldiari kolore berezia eman zioten, dantzan. Udaletxeko balkoitik eskerrak eman zituen Oin-Arin taldeko zuzendaritzako kide Sara Sanchezek. «Lazkaotar bezala ohorea da. Oso gustura hartu genuen gonbita, gure lana eta gehien bat neska-mutilek eta irakasleek egiten duten lana aitortzea delako. Guretzat poz handia da», zioen, bukatutakoan.
Udalkideek inguratuta —bederatzi zinegotzi zeuden balkoian— bota zuten pregoia Oin-Arinekoek. Plazan, dantzari haurrak elastiko berriekin zain zituztela, helduek koreografia dotorea egin zuten. Bi dantzarik Agur klasiko bat hasi, eta mozorrotutako talde mardulago bat udaletxepetik irtenda, doinu modernoekin eta jauzi alaiekin jarraitu zuten.
Gaur egun 166 haur, 14 dantzari heldu, 16 irakasle, hamar txistulari eta zuzendaritza batzordeko zazpi lagun ditu Oin-Arinek. Irekiera ekitaldian, Hernaniko Ostargi konpartsak lau erraldoi atera zituen, dultzaineroen doinura.
Handik aurrera, arnasa hartzeko ere betarik gabe doaz sanprudentzioak. Larunbatean, mozorrotuen festa sustraituta dagoela ikusi ahal izan zen. Kuadrilla, lagun-talde eta familia asko irten ziren mozorrotuta.
Musika onari esker handia
Asteburuan jende gehien elkartu duen beste ekitaldi bat Su Ta Gar musika talde eibartarraren kontzertua izan da. Larunbat gauean ordu eta erdi pasatxoko emanaldia egin zuten, plaza osoa jendez beteta zela. Iaz ateratako diskoko abestiez gain, klasiko dituenak ere ez zituzten ahaztu. Eguerdi hartan Donostian omendutako ikurrina gogoratu zuten, Martin Garitano ahaldun nagusiari ere sendatzeko desira bidaliz. Publikotik hala eskatuta, 2009an Pirinioetako mendietan istripuz hil zen Eñaut Aldanondori eskaini zioten beste pieza bat.
Kantakak arrakasta handiz taulartu zuen, ostiralean, The armed man musika-ikuskizuna. Areria antzokia beteta zela, ordubete inguruko emanaldia esker onez txalotu zuten ikusleek. Maila handiko kantaldia izan zen, Kantakaren, Aita Donostiaren eta ganbera orkestraren artean ehun lagun oholtzan zirela.
Kale animazio modura, igande arratsesan Tolosako (Okzitania) Rockbox boskoteak aireratu zituen rock doinuak ere maila gorenekoak izan ziren. Rockeko munduko izar handien bertsioak jo zituzten, zuzenean eta kalitatez.
Txirrinduan Gutierrez onena
Jose Manuel Gutierrez (Gomur) espainiarrak irabazi zuen, larunbatean, Lazkaoko 71. Proba, elite eta 23 urtepekoen Euskaldun txapelketarako baliagarria. Ion Iriarte azpeitiarrarekin (Gipuzkoa) esprint estua egin zuen garaileak, eta zentimetro gutxigatik gailendu zen.
Hirugarren Julen Mitxelena oiartzuarrak egin zuen. Laukote bat iritsi zen ihes eginda, Mikel Bizkarrak —mendiko sariaren irabazlea— osatua. Tropela oso hautsita iritsi zen. Erorketa asko izan ziren, eta 75 ziklistak bukatu zuten proba. Taldekako saria Gomurrek eraman zuen.
Lazkaoko lasterketa Gipuzkoako errepideko txapelketa ere izan zen. Iriarte eliteak jantzi zuen txapela, maila nagusian. 23 urtepeko gipuzkoar onena Aramako Asier Unanue (Caja Rural) izan zen. Iker Azkarate (Caja Rural) eta Urtzi Murgia (Zirauna) lazkaotarrak sailkatu ziren ondoren.
Iaz zirkulazio istripuan hil zen Rufino Murgia txirrindularitza prestatzailea gogoratu zuten, familiakoei oroigarri bat emanda.
Pilota txapelketa herrikoia Asier Alonso-Pako Garmendia bikoak irabazi zuen, herenegun, finalean Unai Bereziartu-Ion Garmendia 22 eta 10 menderatuta.
San Prudentzio eguna, atzo, solemnitatearentzat izan zen. Goizean prozesioa egin zen San Migel elizatik San Prudentzio ermitara. Ondoren, udalkideek ohiko sokadantza egin zuten plazan.
EGITARAUA
Gaur, asteartea (haurren eguna
- 09:30. Antzar Gazteak txistularien goizeresia.
- 11:30. Haur jolas parkeak, Gurutzeko pistan, Lazkao Txiki Zelaian eta San Jose auzoan. Euria bada, kiroldegian. 11:30-13:30 eta 16:00-18:30 tarteetan.
- 18:30. ‘Play-back’-a eta Egan taldearekin dantzaldia.
- 19:00. Sardina jana, plazan.
- 22:30. Egan taldea.
- 12:00. Burrunbazale txaranga, Txindoki zaharretxean.
- 12:30. Kuadrillen juntadizoa.
- 18:00. Irrien Lagunen ‘Arrantzara dantzan’ ikuskizuna.
- 19:00. Kale animazioa: Kataluniako Brincadeira batukada.
- 20:30. Itziarren Semeak taldearen kontzertua.
- 22:00. Kontzertuak, txosnan: The Potes eta Dirty Brothers.
- 23:30. Gozategi taldea.