Erdi Arora egingo du jauzi Ordiziak asteburuan
Ordiziako Plaza Nagusiak eta erdigune osoa itxuraz aldatuta agertuko da asteburuan. Hemeretzigarrenez, Erdi Arora egingo du salto Ordiziak. Historian atzera bidaiatzeko aukera paregabea eskainiko du herriak; larunbat eta igandez, Erdi Aroko kutsua izango duen giroa sortuko da, jolas eta kultura kutsua duen azoka egiteko. Akrobatek, titiriteroek, musikariek nahiz malabaristek jarriko dute kaleetan giroa. Usain bereziz, argiz nahiz kolorez betetako saltokiak jarriko dituzte; nekazal produktuak, artisauak… Ordiziako kaleek beste garai batera eramango gaituzte.
Merkatariek presentzia nabarmena izango dute azokan, 70 baino gehiago elkartuko dira bertan. Hainbat eratako salgaiekin prestatuko dituzte mahaiak: elikagaiak, belarrak, otarrak, xaboiak nahiz egurrezko jostailuak. Zenbait jaki goxo dastatzeko aukera ere izango da. Goizean 11:00etan eta arratsaldean 17:00etan irekiko dira saltokiak eta tailerrak.
Edonola ere, azoka honetan garrantzi berezia izango duena antzerkia izango da. Juglareak, trobalariak eta ipuin kontalariak arduratuko dira algara sortzeaz, jaia pizteaz.
Ordiziako Arku Tiraketa klubak, bestalde, erakustaldia egingo du frontoi txikian, baina ez da hori izango parte hartuko duen talde bakarra. Ordiziako Udaletik aurreratu dutenez, beste batzuek ere beraien hondar alea jarriko dute: Beti Argi musika bandak, Larrun-Arri abesbatzak, Amets Bide dantza taldeak eta Urdanetako dantzariak nahiz Ordiziako Musika Eskolako banda txikiak. Horiekin batera, larunbatean eta igandean Urrup taldearen gorte bereziak ere hartuko ditu Ordiziako kaleak eta Laguntasuna Errondailak igande eguerdian egingo du bere saioa.
EGITARAUA
Maitzak 10, larunbata
- 11:00. Barrena Kultur Etxetik azokako segizioaren desfilea: juglareen kalejira, errege segizioa, Urrup Antzerki taldea, Musika Eskolako banda eta Urdaneta eta Amets Bide dantza taldeak.
- 12:00. Pilotaleku txikian arku-tiraketa.
- 17:00. Barrena Kultur Etxetik, azokako segizioaren desfilea: juglareen kalejira, errege segizioa, Urrup antzerki taldea, Musika Eskolako banda etadantza taldeak.
- 18:30tatik aurrera: Beti Argi banda eta Larrun Arri abesbatzaren saioak.
- 11:00. Azokako saltokiak eta tailerrak zabalduko dira.
- 11:30. Barrena Kultur Etxetik, azokako segizioaren desfilea.
- 12:30. Laguntasuna Errondailaren saioa
- 17:00. Azokako saltokiak zabalduko dira