Hamazazpi erakusleihok parte hartuko dute Loinatz jaietara begirako lehiaketan
Hamazazpi dendek eman dute izena Loinatz jaietara begira Bareak Merkatari Elkarteak antolatu duen erakusleiho lehiaketan parte hartzeko. Lehiaketako oinarrietan zehazten zenez, erakusleihoaren %50 aldatu beharko dute gutxienez partehartzaileek. Erakusleihoak prest egon beharko dute maiatzaren 29rako, eta ekainaren 8ra bitartean eduki beharko dute jarrita (Loinatz jaietan, alegia), eta gaueko hamarrak arte argiztatuta egon behar du.
Hala nahi duten dendariek, erakusleihoak apaintzen ikasteko ikastaroa egiteko aukera izango dute maiatzaren 12an 14:30etik 16:30era udaletxean, Ziortza Baguerren adituaren eskutik.
Epaimahai bat egoteaz gain, herritarrek ere izango dute euren erakusleiho gustukoena bozkatzeko aukera, ekainaren 2ko arratsaldea baino lehen, bi modu ezberdinetan: Festetako programan atxikita joango den txartela bete eta Bareakeko bazkide den edozein establezimendutan entregatuta, maiatzaren 29tik ekainaren 2ko goizera arte, edo Bareaken Facebook orrialdean gustukoen duten erakusleihoa hautatuta. Botoa ematen duten guztien artean Bareak merkatari elkarteko establezimenduetako produktuez osatutako saria zozkatuko dute.