Legazpiko kontsumo taldeko kideak
Erruz zabaltzen ari den erosketa-salmenta eredua da kontsumo taldeena. Herriz herriz, ekoizlez eta eroslez osatzen dira taldeak. Kontsumitzaileek hilero kuota bat ordaintzearen truke, astero saski bat jasotzen dute. Barazkietatik hasi eta arrautza, haragi, ogi nahiz esnekiz osatutako saskia osa dezakete, talde bakoitzeko partaideek adosten duten bezala.
Bihar egingo du Basherri Sareko ordezkariek Ordizian hitzaldi informatiboa; iluntzeko 19:00etan Barrena Kultur Etxean. Bertan kontsumo taldeen filosofia eta funtzionatzeko moduak azalduko dira; ondoren, kide izateko interesa agertzen dutenekin taldea sortu eta nolako saskia osatu adostuko lukete. Hiru hilabetez proba moduan hasi daiteke, eta jarraitu nahi izanez gero, erosleak urtebeteko konpromezua hartuko du.
Ohiturak aldatzen
Azken urteetan barneratu ditugun erosketa ohiturengandik ihesi; hozkailura begiratzeak gogoetara garamatza derrigorrean. Izan ere, egutegiari, inguruneari nahiz osasunari kasu handirik egin gabe ekoitzitako produktuak pilatzen ditugu sukaldean.
Hiru oinarri nagusi betetzen dituzte kontsumo taldeetan saskiak osatzeko garaian: elikagaiak bertako baserrietan ekoiztuak, garaian garaiako produktuak eta osasuntsuak edo ekologikoak izatea.
Kontsumo taldeetan koordinatzaile eta kide moduan esperientzia duen Leo Argotek azaldutakoaren arabera “interes nabarmena” dago jendartean elikadura ohitura osasuntsuetara itzultzeko. Gipuzkoan bertan 56 taldek osatzen dute Basherritar Sarea. “1.100 familiek hautatu dute kontsumo mota hau, familia bakoitzean hiru kideko batazbestekoa kontuan hartuta… jende ugari da dagoeneko”, dio Argotek.
Hala ere, kontsumitzaileak osasuntsu eta era jasangarrian ekoitzitako produktuak kontsumitzeko kontzientziatuta egon behar direla dio. Argoteren arabera “ohitura aldaketa” eskatzen du: “Ohitu gara edozein urte sasoitan nahi dugun barazkiak edo produktuak kontsumitzera. Kontsumo taldeen bidez, ordea, garaian garaikoa kontsumitzen dugu”.
Saltoki handietan erosketak egiteak aukera gehiago izatea dakarrela uste dugun arren; urte osoan barazki berak kontsumitzen amaitu dugu. Hemen bertan ekoizten diren barazki asko, berriz, ez ditugu ia ezagutu ere egiten. Batez ere, neguko barazkiekin gertatzen da hori Argoteren arabera; atxikoria, borraja, arbia, erremolatxa edo bruselaza, esate baterako ez ditugu apenas ezagutzen. “Jaki horiek prestatzeko garaian ere, askotan ez dakigu nola egin, beraz informatu egin behar izaten da, probak egin… horregatik diot esfortzua eskatzen duela”, dio berak.
Esfortzuaz gain, abantailak ugari dituen kontsumo era da, ordea. Garaikoaz gain, osasuntsua da kontsumitzen dena, ekologikoa. Gehigarri sintetikorik gabe, antiboitikorik gabe zein pestizidarik gabe ekoiztutako produktuak dira; genetikoki aldatutako organismorik gabeak. Natur ingurunea errespetatuz ekoizten dira eta jasotzen den produktua kalitate maila gorenekoa da, zaporetsuagoa, gainera.
Erosten dena bertakoa izateak ere “konfidantza” ematen dio kontsumitzaileari. Ordiziako kontsumo taldea hornituko duena Juantxo Mendia beasaindarra izango da. Hasi berria da Mendia nekazaritzan. Fraisoro nekazal eskolan ikasketak egin eta urtebetez baserri batean lanean aritu zen. Gaur egun, urte bete inguru darama Zegamako Altzibarren duen baratzean. 800metro karratuko eremua lantzen du berak, bi negutegi ditu; intxaurrondoak eta sagarrondoak ere bai. Beasaingo azokan saltzen ditu astero bere produktuak eta hemendik aurrera Ordiziako taldea hornituko du.