Erreboteko eraikinari buruzko herri kontsulta
Elizako frontoia eta plaza lotzeko gakoa da Erreboteko eraikina Seguran, eta herritarrek asko hitz egin izan dute eraikin honen inguruan. 2013an, aurrekontuak egiteko inkestak bidali zituen udalak herrietara, eta haietan ere Erreboteri buruzko proposamen asko izan ziren. Hori dela eta, udalak herri kontsulta egingo du herritarrek eraikinarekin zer egingo luketen adierazi dezaten.
Eraikinaren egungo erabilera
Behinola, gaur Erreboteko eraikin moduan ezagutzen dena, pilotan jokatzeko eremua izan zen. Egun, ordea, oso bestelako erabilerak ditu. Posta bulegoa eta baserritarren postontziak, komun publikoak eta txirrindulari elkartekoen biltegia daude bertan.
Alabaina, posta bulegoa eta postontziak eskolako gela batera pasako dituzte laster, eta txirrindulari elkartekoen biltegiarentzat beste gune bat aurkituko dute. Komunpublikoen inguruan, berriz, hainbat aukera aztertzen ari da udala.
Eraikina mantendu ala bota
Herri kaskoan dauden gainerako etxeen moduan, Erreboteko eraikinak ere badu fitxa, eta bertan baimendutako esku-hartzeen artean, erreforma eta birgaitzea baino ez dira agertzen.
Nolanahi ere, Eluska Gerriko Segurako alkateak Goierriko Hitzari azaldu dionez « herritarren partehartzea handia izanez gero, eta eraikina botatzeko nahia agertuz gero» Segurako Udala saiatuko da Eusko Jaurlaritzarekin tramiteak egin eta herritarren nahia asebetetzen.
Prozesuaren faseak
Maiatzaren 18an egingo da galdeketa, baina aurretik, herritarrek beharrezko informazioa izan dezaten, hainbat ekimen antolatu ditu udalak.
Hasteko, gaur arratsaldean, herri batzarra egingo da Kultur etxean, 18:00etan gaztelaniaz, eta 19:30ean euskaraz. Udal arkitektoak azalpenak emango ditu eraikinaren inguruan, eta udalaren planteamenduak zein diren azalduko dute. Batzarrean, herritarrek ekarpenak egin, eta zalantzak argitu ahal izango dituzte.
Maiatzaren 9tik 17ra, arduradun batek, herritarren iritziak bilduko ditu, eta maiatzaren 16an, herriko haurrekin eskolan, gaiaren inguruko lanketa egingo dute.