Garbitasuneko langileek greba egingo dute datorren astean
Gipuzkoako garbitasun alorreko greba deitu dute ELAk eta LABek datorren astelehenetik ostegunera arte. Garbitasunaz arduratzen diren enpresek “udalei eta enpresei KPIaren igoerak eskatzen dizkiete, eta, aldi berean, langileei soldata jaitsi”, esan zuen prentsaurreko bidez Edurne Iriondo ELAko ordezkariak. Sektoreko langileek planto egitea erabaki dute, “orain dela bost urteko soldata mailara” eraman dituztelako, eta greba egingo dute maiatzaren 12tik 17ra Gipuzkoan, ELAk eta LABek deituta. Bi sindikatuen artean sektorearen %70eko ordezkaritza daukate.
Goierrin ere greba honek erantzun zabala izatea espero dute. Goierriko LAB sindikatuko Haizea Mendiak azaldu duenez, asanblada irekiak egin dituzte langileak informatuz, baina, oraindik zehaztu gabe daude datorren asteko mobilizazioetan garbitasunari lotutako zein enpresetako langileek parte hartuko duten mobilizazioetan: “Garbitasuneko langileak asko dira; garbitasuneko langileek industrian, bankuetan, udaletxeetan, ikastetxeetan, etxeetan… lan egiten dute, eta grebarako deia guztiei egiten diegu. Hala ere, datorren astera arte ez dugu jakingo zeintzuk parte hartuko duten”. Hala ere, “urtarrileko bi grebetakoa baino erantzun zabalagoa espero dugu”. Goierrin ez da manifestaziorik aurreikusten, baina, egunero egingo dira Donostian, goizeko 11:30ean Alde Zaharretik abiatuta. Manifestazio hauetan parte hartzeko deialdia egin dute LAB eta ELA sindikatuek.