Goierri Beheko eskola-umeen pilota lehiaketa bihar hasiko da, Ataunen
Herriarteko erakusleihoaren atzetik dagoen harrobi lana zein beharrezkoa den erakusteko, asteburu honetan hasiko da Goierri Beheko Eskola-umeen VIII. Pilota Txapelketa. Lazkaoko Lapke elkarteak antolatu du, baina bailarako zortzi herritara zabalduko dute, etzi hasi eta ekainaren 28ra bitarteko larunbat guztiak hartuta. Hamar herritako neska-mutikoek parte hartuko dute.
Partaidetza bultzatzea da txapelketaren filosofia, Lapke elkarteak azaldu duenez. Bailarako eskola adineko pilotari guztiek joka dezakete, ume eta kimu adinekoek (2003, 2004 eta 2005ean jaioak). Aldundiak mugatutako Eskola Kirola bukatu da, bestetik, eta ikasturtearen azkenera arte pilotan jarraitzeko aukera ere eman nahi diete haurrei.
Ekimenari laguntzen dioten hamar herrietan jokatuko dira partidak, larunbat banatan. Etzi Ataunen da aurreneko saioa, 15:30ean hasita, San Gregorioko Zelai pilotalekuan. Ondoren, honako herrietara joango dira, hurrenkera berean: Idiazabal, Ordizia, Segura, Beasain, Ormaiztegi, Olaberria eta Lazkao.
Hiru laguneko taldeak
Talde bakoitzeko gutxienez hiru lagun izango dira, baina partidak binaka jokatuko dituzte, maila guztietan. Pilota goxoarekin ariko dira, eta joko sistema erabiliko dute: 9 puntuko bi joko irabazi beharko dira, joko bakoitzean sakea talde batek duela. Bana berdinduz gero, lau puntuko kitarakoa izango da.
Irabazitako partida bakoitzeko bi puntu lortuko ditu taldeak, eta galduta ere puntu bat emango diete. Finalaurrekoak Olaberrian (ekainak 21) eta finalak Lazkaon (ekainak 28) dira. Multzoko lehenak sailkatuko dira.