Goierriko Eskola Txikien festa ospatuko dute Zerainen
Larunbatean, Goierriko Eskola Txikien hamargarren festa ospatuko da Zerainen. Bertan, Goierriko Eskola Txikietako guraso, ikasle eta irakasleak elkartuko dira, elkarren arteko harremanak sendotzeko.
Goierriko Eskola Txikien festaren hamargarren edizioa da aurtengoa, eta Zeraingo Basarte guraso elkarteak izan du antolatzeko ardura.
Lekuko aldaketa
Arratsaldeko lauretan ekingo diote jaiari ongietorri ekitaldi batekin; jarraian, jai giroa pizteko Txantxariak izango dira.
Ondoren, Zeraingo Eskola Txikiak Gabiriako herri eskolari pasako dio datorren urteko jaia antolatzeko ardura, eta jarraian, taldeko argazkia aterako dute. Festak jarrai dezan, merienda eta trikipoteoa ere izango dira herriko trikitariek lagunduta.
Elkarlanaren beharra
Dagoeneko hamar urte pasa dira Goierriko Eskola Txikien lehen festa egin zutenetik. 2004an egin zuten Olaberrian, bertako eskola txikia pairatzen ari zen arazoen aurrean bultzada bat emateko asmoz.
Goierriko Eskola Txikien festak antzeko kezkak dituzten lau eskola txiki batzen ditu urtero, Itsasondokoa, Olaberriakoa, Gabiriakoa eta Zeraingoa. Baina festa hau ez da izaten lau eskolak elkartzen diren egun bakarra, urtean zehar ere, lau eskolak elkarlanean, ikastaroak, hitzaldiak eta beste hainbat ekitaldi antolatzen aritzen dira.
Guztira 176 haurrek ikasten dute Goierriko lau Eskola Txikietan, eta datorren ikasturtetik aurrera gehiago izango dira, Ezkio Itsason Eskola Txiki bat jarri behar baitute abian.
Adin ezberdinetako ikasleak
Eskola Txikietako ikasgeletan ez dira ikasle asko izaten, eta gainera, adin ezberdinetako haurrak biltzen dira gela berean.
Berezitasun hau oso baloratua da Eskola Txikietako gurasoen artean, izan ere, gazteenek helduengandik ikasten dute, eta zaharrenek, berriz, txikienak zaintzeko ardura barneratzen dute.