LegazTipi-Tapa ekimenaren lehen urratsak
Gaur LegazTipi-Tapa ekimenaren lehen saioa egin dute. Egitasmo hau udalak, herriko hainbat eragilek eta Osakidetzak jarri dute abian, ariketa egiteko zailtasuna dutenek kirola egin dezaten.
Hiru ibilbide prestatu dituzte, Urola ibaiaren inguruan. Azpikoetxe izenekoak 1.300 metro ditu eta errotonda batetik bestera doa, Motxorrok 3.600 metro ditu eta Mirandaolak 4.600 metro. 10:30ean irtengo dira, ostegunero, plazatik. Parte hartzaileek elkarteetako kideen eta kiroldegiko begiraleen laguntza edukiko dute.
Gainera, txartel bat jasoko dute eta paseo bakoitzaren ondoren antolatzaileek zigilua jarriko diete. Ibilaldietan parte hartzen dutenek beherapenak eta opariak jasoko dituzte.
Lehen irteeran 40 bat lagunek parte hartu dute. Tartean, Kepa Urtzelai alkateak, Lurdes Ugarte zinegotziak, Tomas Plazaola osasun publikoko eskualdeko arduradunak eta kiroldegiko, Gueskeko, Nagusilaneko eta Buztintegiko ordezkariek.