Loraila berea emanez etorri da
Loraila ere esan izan zaio maiatzari; arrazoiarekin, gainera. Ez da nahi orduko iritsi landare eta lore saltzaileek espero eta behar zuten mugimendua. Aukera aparta izan da azken aste hauetan, baina salmentak urri, arrazoi ezberdinak tarteko. Batetik, eguraldiaren zuhurtasunez, bestetik, bustiegi edota lehor, opor garaia edo lurra ez zegoela prest… Azkenean, ordea, lore eta landare garai betea iritsi da, eta feriako saltzaileek esku bete lan izan zuten atzo.
Garai honetako landare guztiak –hemen landatu ohi ditugunak– daude salgai. Urazak, tomateak eta piperrak dira salduenak, kopuru txikiagoan berriz kuiak, kuiatxoak, oberginiak edota luzokerrak, besteak beste.
Loreetan berriz, erosleen artean estimazio gehiena dutenak huntza eta geranioa dira. «Oso eskertuak dira eta fuerteak» entzuten da, aho batez. Baina gustu eta jarri nahi den tokiaren arabera aukera handia da.
Jateko prest daudenen artean, marrubiak aipatu behar. Aramako Patxi Arizmendi orain 3 aste hasi zen aurrenekoak ekartzen, eta orain, herri bereko Arantxa Zurutuzaren marrubi zuriak gehitu behar dizkiogu. Barazkietan, borraja berriak ere aukeran dira. Eta oraintxe bete-betean daudenak, ilarra (8 -10 euroan), baita aletua ere, baba (2 – 3,50) edota patata berria (2 – 3 euroan).
Ziza ugaritasuna deigarri
Plazara iritsi orduko ohartuko gara zizen sasoi betean gaudela. Mahaiz mahai hemen inguruan bildutako 10 bat kilo ikusi ditugu. Eta urte guztian hor izan ohi den Lasarenak, propio ziza garaian etortzen den Garbiñe Barandiaranenak eta Basoakoak kontatuz, ia 400 kilo batu ditugu. Salerosketak ere, bizi-bizi joan ziren goizean zehar, norbanakoei nahiz sukaldariei esker. Onddoek eta zizahoriek osatzen zuten eskaintza.
Kanpoko produktuei dagokionean, udaberri-udakoen eskaintza ari da handitzen. Lehen angurriak edo sandiak ekarri zituzten atzo, hasi berriak diren albertxiku, brinoi eta gerezien lagun.
Nafarroako zainzuriak
Duela bi hilabete martxan jarri zen ekimena da hau, hilabetero garaian garaiko produktu bat sustatze aldera. Hilabete honetan Nafarroako zainzuriak hartuko du protagonismoa.
- Aste honetako prezioak.