Zirkulazio aldaketekin 23 aparkaleku sortu dira Ordizian
Trafikoan eraginik izango ez duten pintatze lan batzuk kenduta, gauzatu dituzte dagoeneko Ordizian egin beharreko zirkulazio aldaketak. Mugikortasun Iraunkorrerako I. Planak jasotako aldaketak ziren guztiak, herri barruko zirkulazioa hobetzeko. Gudarien etorbidea noranzko bakarreko bihurtzeko lanak izan ziren hasten azkenak eta astelehen arratsaldean bertan beherazko noranzkoa zuen jada. Zirkulazio aldaketekin, gainera, 23 aparkaleku berri sortu direla nabarmendu nahi izan du Ordiziako Udalak.
Apirilaren 10ean egin ziren lehen aldaketak Santa Amalia, Zuberoa, Arana, Araba eta Victor Mendizabal kaleetan. Aurreko astean, apirileko azkenekoan, Garagartza plazako eta Ordiziako kaleko aldaketak egin ziren. Behin aldaketa guztiak gauzatuta, pintatze eta fresatze lan batzuk egitea besterik ez da falta.
Aldaketen berri eman zutenean Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak azaldutakoaren arabera, lau helburu lortu nahi dituzte aldaketa hauekin: sarrera eta irteerak erraztea; erdigunea zirkulazio aldetik arintzea, oinezkoen mesedetan; garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea; eta Ordizia barruko aparkalekuak herritarrek erabiltzea lehenestea.
Biharko Goierriko HITZAn Aitor Escalante Ordiziako udaltzainburuari egindako elkarrizketa argitaratuko dugu, zirkulazio aldaketa guzti hauen xehetasunak emateko.